'Ispilua' (Miren Usabiaga, Asun Casasola Lehiaketako irabazlea)
Miren Usabiaga errenteriarraren ‘Ispilua’ ipuinak irabazi du Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren bosgarren aldia, helduen euskarazko kategorian.

Pasa den astean banatu zituzten Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketako Sariak. Helduen kategorian, euskarazko ipuin labur onenaren saria jaso du.
Gazteetan aldiz, Uxue Azkue Muxika arrasatearrak eskuratu du euskarazko ipuin onenaren saria; gaztelaniaz aldiz, Julia Alia Castillejos bartzelonarraren lana saritu dute.
Gogoan dut Trip dendan ikusi zintudan eguna. Denbora behar izan nuen dirua aurreratzeko, baina azkenean lortu nuen zu etxean eskegita izatea. Orduan, erosi zintudanean, sendoak ginen, distira egiten genuen eta bikote paregabea osatzen genuen. Egunero elkar ikusi eta gozatzen genuen.
Bera iritsi zenean, hirurentzako lekua zegoen. Hasierako hilabete haietan zoriontsu erakusten gintuzun, baina ez zuen luze igaro. Zure bitartez ikusi nuen egunetik egunera urriagoa nintzela, gutxitu egiten ninduela. Emandako kolpe bakoitzak, irain bakoitzak, ilunago bihurtzen gintuen. Eguzki minutu bakoitzeko, ekaitz ordu mordoa zetorrela islatzen zenuen, gupidarik gabe. Urteak igaro ahala, egunero-egunero biak batera lainotzen joan gara.
Gaur goizean azkeneko kolpeak zure aurka bultzatu nau eta pitzatuta utzi zaitu; ni neu ere halaxe utzi nau. Neure burua ikusi dut zure irudi zartatuan, eta ez dut ezagutu. Burura etorri zait inork ezin izan duela gaurdaino lanbro hori argitu: ez alabek, ez lagunek, ez…
-Zer gertatu zaio ispiluari, amoñi? -galdetu dit xalo ikastolatik bueltan Aloñak.Bilobaren ahots leunak korapilo itogarria sortu dit eztarrian. Zuregana zuzendu dut begirada, eta nire txikitasunaz, ezerezaz jabearazi nauzu. Eskua pausatu dut zure pitzadura bakoitzaren gainean, eta gure zartadurek bat egin dute. Biak gaude kateatuta, lakio batez. Nire begiek euri fina isuri dute…
Aloña jaso dut besoetan maitekiro, eta aspaldiko partez hiru izan gara.
Erakutsi didazun irudiak itxaropena piztu dit. Izan nintzen emakumearen isla dakusat: ausarta, sendoa. Tiritak ekarriko ditut biontzako. Dotore-dotore jarriko gara, izan ere, berezko distira darigu. Zartadurak, minak garaituko ditugu elkarrekin, ez baikaude bakarrik borroka honetan. Ezpainetako gorria ezpainetan, iraultzaren kolorea. Ni neu sentitzen hasi naiz berriro ere. Irribarrea itzuli didazu, aspaldiko partez.
-Goazen, Aloña, maitia! Amonak ispilua aldatu behar du-eta…
Etxetxo 1968