Iñigo Muguruza musikariaren omenezko beka sortu dute
Musikari eta Irungo Musika Eskolako irakasle gisa emandako 25 urteak aitortu nahi dituzte bekarekin. 8.000 eurokoa izango da.
Iñigo Muguruza (Irun, 1964-2019) musikari irundarraren omenezko beka sortu berri dute, Iñigo Muguruza Beka izenekoa. Gaur bertan aurkeztu dute udaleko talde guztietako ordezkariek eta Jabier Muguruza anaiak, udaletxean egindako agerraldian. Muguruzaren musika ibilbide luzea omentzeaz gain, Irungo Musika Eskolan 25 urtez egindako lana aitortuko du bekak.
Eskolako lehen gitarra elektrikoko irakaslea izan zela gogoratu du Jose Antonio Santano alkateak, euskal musikan «erreferente» izan zela. «Euskal eremuan azken hamarkadetako musika modernoarekin lotura duten ikerketa ekintzako proiektuen garapena sustatu nahi du bekak», adierazi du alkateak. Jose Antonio Loidi edo Serapio Mugika beken parean egongo dela nabarmendu du, beraz, 8.000 euroko beka izango dela.
Jabier Muguruzak ere hitza hartu du gaurko aurkezpenean. Lehenik, eskerrak eman nahi izan dizkie udal talde guztiei, familia osoaren izenean. «Kuriositate bezala esango dut azken garaietan Iñigok maiz adierazten zuela bere ilusioa berriz ere zuzeneko musika eta eskolan aritzea zela, beraz, bekak erabat asmatu du bere ikuspegian. Bukatzeko, esan Iñigo Muguruza ezagututa, konbentzituta nagoela bekaren ideia izugarri gustatuko zitzaiola», gehitu du.
Ibilbide luzeko musikaria
Joan den irailaren 5ean zendu zen Iñigo Muguruza. Azken urteetan esklerosi anizkoitza gaixotasunarekin borrokatu ostean, adio esan zion iaz bizitzari. Desband, Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Lurra, Sagarroi eta Hiru Leike taldeetan aritutakoa izan zen, arrakasta handiz gainera. 2018an elkarrizketatu zuen HITZAK. Hemen irakur daiteke.