Lur azpian zigortutako duintasunaren bila
Senideen emozioak zein prozeduran egin beharreko urratsak agerian utziz, hobi komunetatik ateratzeko prozesuaren garrantzia azaleratzen du ‘Hilotzak hobitik ateratzen, duintasunak berreskuratzen’ erakusketak.
Espainiako gerran eta Frankismo garaian erregimenak hildako eta hobi komunetan utzitako pertsonen memoria berreskuratzeko ahalegina da Hilotzak hobitik ateratzen, duintasunak berreskuratzen erakusketa. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Memoria Historikoa berreskuratzearen aldeko elkarteak elkarlanean prestatutako erakusketa da Gure Morada elkarte soziokulturalak Irungo Izaga kaleko egoitzan ikusgai jarritakoa. Nicolas Gerendiain Errepublikazaleen Elkartearen laguntza jaso du Gure Moradak erakusketa Irunera eramateko. Etzira arte (hilak 15) bisita dezakete interesdunek erakusketa, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara bitartean.
Nazioartean erakutsitako bilduma da elkarte irundarrak jasotakoa, eta lehen aldiz erakusgai jarri da orain Euskal Herrian. Bertan, gorpuak hobitik ateratzeko prozesu osoa jasotzen dela azaldu du Eukene Lopez Gure Moradako elkartekideak. Eta prozesu hori guztia lau bloke tematikotan banatuta dagoela esplikatu du, hala nola: pertsonak eta testigantzak, hilobitik ateratzea, laborategia, eta omenaldia. Hainbat lanek osatzen dute bilduma, eta horien artean markatutako ibilbidean egiten dute interesdunek bisita, irudiak, azalpenak eta infografiak ikusiz.
Lurrean jarritako hamaika metroko luzera duen olan batek osatzen du erakusketa. Hobi komun erreal bat irudikatzen du olanak, eta hilotzak nola geratu ziren horren barruan erakusten du. Lopezek azaldutakoaren arabera, «hezurrak ikusten dira, saihetsak, burezurrak… batzuk gurutzatuak, beste batzuk ez. Irudikatu dute nola geratu ziren gorpuak hobi horren barruan botata. Ikaragarria da». Hainbat jarduerek osatu dute erakusketa. Paco Etxeberria Aranzadiko antropologo forentse ospetsuak inaugurazioan parte hartu zuen haren esperientzia entzuleekin partekatuz. Lopezek onartu du interesa piztu zuela Etxeberriaren solasaldiak, eta 150 lagun gerturatu zirela bertara. Aditu izateaz gain, gaia jorratzerako garaian Etxeberriak demostratutako «gizatasuna» nabarmendu nahi izan du Lopezek: «Profesional bezala hitz egin arren, oso ondo daki bestearen buruan jartzen». Mertxe Trantxe historialariaren ibilaldi historikoak, Aiala Oronozen A pico y pala liburuaren gaineko solasaldiak, eta Jon Hernandez historialariak 1936ko gerraren inguruan eskainitako hitzaldiak osatu dituzte jarduerak.
Memoria historikoaren alde egitea izan da erakusketaren helburu nagusia Lopezek azaldu duenez, «badirudi memoria historikoa beti atzean geratzen dela, jendeak ez duela kontzientziarik hau ere eskubide bat dela, eta hori da nabarmendu nahi izan duguna».