[Erreportajea] Erasoen gainetik, lana eta lana
Greziako Lesbos irlan Zaporeak-eko kideek jasandako erasoen aurrean, lanean jarraitzea erabaki dute boluntarioek. Berriz ere 1.500 otordu banatzen hasi dira.
Greziako Lesbos irlako egoera orain arte sostengaezina izan bada, azken asteotakoa are eta okerragoa izaten ari dela berretsi dute Zaporeak proiektuko kideek. Eraso ugari jasan dituzte bertan lan egiten duten GKE ugarik, tartean Euskal Herriko zenbait lagunek.
Azken asteotan tentsioak gora egin du nabarmen Moriako kanpalekuan, Turkiak errefuxiatuei herrialdetik ateratzea baimendu ostean. Ondorioz, uhartea gainezka egiten ari da, milaka baitira hara heldu diren errefuxiatuak. 21.000 lagun daude egun bertan, «egoera oso-oso prekarioan, espaziorik, zer janik, elektrizitaterik eta urik gabe», azaldu du amorruz Zaporeak-eko kide Malen Garmendia irundarrak.
Egoera hori probestu dute talde faxistek, eta inpunitate osoz errefuxiatuei, kazetariei eta boluntarioei eraso egiten ari direla salatu dute bertan egunerokoan lan egiten duten GKE askok.
Horrelako eraso baten lekuko eta era berean biktima izan ziren hilaren 1ean (igandea) Zaporeak-eko kideak. Janaria banatzetik bueltatzerakoan polizia kontrol moduko batekin egin zuten topo taldeko hiru kotxeek. «100 bat faxista gerturatu zitzaizkigun, makilak, metalak, kateak eta harriak eskuetan zituztela, kotxe guztia hondatu ziguten», kontatu du Garmendiak. Tentsio une handiak izan zirela aitortu du, baina zorionez furgoneta arrankatu eta handik urruntzeko gai izan zirela. Kezka nagusia, ordea, atzean zihoazen boluntarioz betetako bi kotxeekin zuen Garmendiak, bertan bi errefuxiatu zirelako. «GKEko bi fundatzaile lurrera bote eta sekulako jipoia eman zieten. Bat paretaren kontra jarri eta pistola bat ere jarri zioten buruan», gehitu du.
Talde faxista horiek poliziaren babesean aritzen direla dio Garmendiak. Maiz egin dute boluntarioek topo poliziekin, eta beti beste alde batera begiratzen dutela diote haserre. «Honezkero badakigu hemengo polizia faxista dela, haien aldetik ez dago inolako erantzunik». Are gehiago, bertan egunerokotasunean lan egiten duten GKE ugarik salatu dute poliziek berek ere eraso egin dituztela boluntarioak, baita irlako herritarrak ere.
Faxisten eraso gehiago
Azken eraso entzunena igandean (hilak 8) egin zuten faxistek, irlako One Happy Family delako eraikinean. «GKE ezberdinek eguneko zentro bat osatu dute eta bertan eskola, sukaldea, ospitalea, gimnasioa, baratzea eta bestelako bitartekoak eskaintzen dizkiete», azaldu du Garmendiak. Bada, goitik behera erre zutela azaldu du, haren arabera, «eraso oso-oso koldar batean». Azken egunotan tentsioak behera egin arren, orain arte bezala lan egiten saiatu dira, itzaleko lana egiten. «Gaur, adibidez, [astelehenean elkarrizketatu zuen Hitza-k], 1.500 errazio banatu ditugu, martxa hartu dugu berriro. Ez dugu gure jardunarekin gelditzeko asmorik».
Egungo tentsio egoera atzetik datorrela nabarmendu du irundarrak, Greziak irlan erretentzio zentro bat eraikitzeko asmoa adierazi zuenean hasi zen afera. Orduan, ideologia ezberdinetako taldeek proiektuaren kontra egin zuten, eta ondorioz, iskanbila ugari izan ziren. «Bi eguneko greba orokorra egin zen irlan, eta iskanbila handiak izan ziren poliziarekin», azaldu du Garmendiak. Manifestarien presioari esker, polizia irlatik ateratzea lortu zuten. «Tamalez», faxistek euren garaipentzat hartu zutela dio, eta ordutik, inpunitate osoz aritzen direla.
Boluntarioek jasandako erasoa bozgorailu gisa erabili nahi du Zaporeak-ek, benetan egunero faxisten eta poliziaren gehiegikeriak jasaten dituztenen errealitatea ezagutarazteko. «Amorrua ematen dit gaiaz hitz egiten hasi garela azal zurikooi eraso egin digutelako. Egunero erasoak jasaten dituztenak errefuxiatuak dira, badirudi ez zaigula inporta».
Errefuxiatuek pairatutako oztopoen artean, Europan ere gehiago aurkitu dituzte azken asteotan. Izan ere, Grezia asilo prozesuak gelditzen hasi dela azaldu du irundarrak. Hilabete batez eten dute, otsailaren 29tik aurrera. Hortaz, azken asteotan heldutakoei ukatu diete asiloa eskatzeko eskubidea, eta armadako ontzi handi batera bideratzen ari dira, «kartzela moduko» batean pilatuz. «Ezin dut sinetsi hau gertatzen ari dela. Banekien Europak bizkarra eman ziela aspalditik, baina diskurtso xenofobo hori eurena egingo zutenik ez». gehitu du Garmendiak.