Jarduera oro eteteaz gain, azpiegitura guztiak itxi ditu udalak
Liburutegia, kiroldegia, Jostaldi, euskaltegia, KZgunea, Prebentzio Komunitarioa, gaztelekua, eta Ikasjolasa itxiko ditu udalak bihartik aurrera.
Hondarribiko Udalak koronabirusaren gaineko bigarren bandoa publikatu du gaur. Horren arabera, udal liburutegia, euskaltegia, KZgunea, Prebentzio Komunitarioa, gaztelekua, Ikasjolasa, Hondartza kiroldegia eta Jostaldi pilotalekua itxita egongo dira bihartik aurrera. Halaber, Hondarribiko Udalak antolatutako jarduera guztiak, espazio irekietan zein itxietan, «berehala» bertan behera utzi dituela jakinarazi du. Komunikazio berririk jaso arte indarrean egongo dira bi aginduak.
Covid-19 birusaren hedapenaren aurrean prebentzio neurri horiek guztiak hartzea erabaki du udalak. Hala, lasaitasunera deitu ditu herritarrak, eta «alarmismoaren ondorioz sor daitezkeen jokabideak saihesteko» eskaria luzatu du.