Soilik EAJk bozkatu du Hondarribiko I. Berdintasun Planaren alde
EH Bilduk, Abotsanitzek eta PSE-EEk abstentziora jotzea erabaki zuten Berdintasun teknikaria eta departamentua ez sortzea gabezia garrantzitsuak direla iritzita.
Otsailari zegokion osoko bilkura egin zuen atzo Hondarribiko Udalbatzak. Koronabirusaren aurkako neurriak medio, ateak itxita egiteko erabakia hartu zuen udalak, soilik hautetsien, idazkarien eta kazetarien sarrera baimenduz. Ez ohiko egoera izan arren, eta bi asteko atzerapenarekin izanda ere, urteko gairik garrantzitsuenetako bat aztertu eta bozkatu zuten udal taldeek atzoko plenoan, hain zuzen, Hondarribiko I. Berdintasun Plana.
Hamar urteren ondoren iritsi da udalbatzarrera legeak agindutako berdintasunerako udal proposamena, eta argi gelditu ziren oposizioaren eta EAJren Udal Gobernuaren arteko ezberdintasunak. Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuak, Berdintasun eta Lankidetza zinegotziak hartu zuen hitza lehenbizi planaren nondik norakoak azaltzeko. «Gizarte osorako hobekuntza bilatzea» da helburua haren hitzetan, «Hondarribiko gizon eta emakumeen arteko baldintzak kontuan hartuz».
Iazko uztailean aurkeztu zien zirriborroa udal gobernuak oposizioko alderdiei zein eragileei, eta iraila bukaerara arte haien ekarpenak aurkezteko aukera eman zitzaiela azaldu zuen Larrartek. Onartutako proposamenen, ukatutakoen, eta moldatutakoen berri eman zitzaien oposizioko taldeei, eta dena osatuta Emakundera bidali zen zirriborroa erakundeak azter zezan. Irizpideak betetzen ote zituen edo ez ikertuta, azken ekarpenak gehitu zituen Larrartek zuzendutako arloak.
Planak, hala eta guztiz ere, ez zituen oposizioko udal taldeak asebete, eta oposizioak bere osotasunean bi gabezia garrantzitsu antzeman zituen: Berdintasun teknikariaren eta Berdintasun departamenturen sorrera ez aurreikustea, hain zuzen. Proposamenak Emakundek zehaztutako «adierazle gorriak» betetzen ez dituela bat egin zuten EH Bilduko Xabier Isasi bozeramaileak eta Abotsanitzeko Estitxu Urtizberea hautetsiak.
Osatu gabeko plana
Larrarteren ondoren lehena hitza hartzen izan zen Urtizberea. Hasierako zirriborroa kontent hartu zutela onartu zuen, baina plana aztertu eta horretan sakontzen joan ahala, ekintzek ez dutela «benetako berdintasun politikarik barneratzen» adierazi zuen. Areago jo zuen Urtizbereak bere argudioetan planak «etorkizun iluna» izango duela adierazterakoan «hau bada abiapuntua». Berdintasun politikak egikaritzeko ardura Gizarte Zerbitzuen esku uztea gainera ez du begi onez ikusi udal taldeak, kontuan izanda «departamentua lanez gainezka dagoela».
Noemi Odriozola PSE-EEren Udal Taldeko zinegotziari plana «positiboa» iruditu zitzaion arren, hori egikaritzeko departamenturik zein teknikaririk aurreikusi ez izana deitoratu zuen. Izan ere, teknikariak berdintasun politikak departamentu guztien erabakietara zabaltzea «ezinbestekoa» dela iritzi zion hautetsiak.
«XXI. mendean sartuko gara eta ez da gutxi», adierazi zuen koalizio abertzaleko bozeramaile Isasik txanda iritsi zitzaionean. Emakunderen «irizpen txostena» ez betetzea leporatu zion gobernu taldeari, eta 2005eko Emakumeen eta Gizonen Berdintasuneraako 4/2005 Legeak agindutako egiturak ez osatu izana deitoratu zuen bozeramaileak. Beste behin, eta oposizioko udal talde guztiek egin bezala, «ezinbestekoak» jo zituen departamentu propioa eta teknikariaren figura sortzea.
Oposizioak ez zuen planaren aurka egin eta ez zuten oztoporik jarri aurrera egin zezan. Hala, soilik EAJk eman zuen aldeko botoa, eta PSE-EEk, Abotsanitzek eta EH Bilduk abstentziora jotzea erabaki zuten.