Berdintasun Plana ez dela «eraginkorra» izango salatu du oposizioak
Berdintasun teknikariaren eta departamenturen beharra nabarmendu dute PSE-EEk, Abotsanitzek eta EH Bilduk kaleratutako ohar bateratuan.
Hondarribiko oposizioa osatzen duten alderdiek argi utzi dute «teknikaririk eta departamentu propiorik gabe» Berdintasun Plana ez dela «eraginkorra» izango. Hala adierazi dute Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EEk komunikabideetara igorritako ohar bateratuan. Era berean, ezin zutela kontra egin argitu dute: «oso garrantzitsua delako berdintasun politikak ezartzeko balioko duen dokumentu bat edukitzea», baina aldi berean ezin zutela «alde egin» planteamendua zein den ikusita adierazi dute.
Bat egin dute oposizioko hiru udal alderdiek aldarrikapen horretan, eta zabaldutako informazioaren arabera, eskakizun horiek ez dira soilik haiek egindakoak, baita Emakundek zein herriko eragileek ere. Izan ere, «plana egikaritzeko» Emakundek «beharrezkotzat» jotzen dituen elementuak direla ohartarazi dute.
Horrez gain, plana eragileei aurkeztu gabe onartzen saiatu dela udal gobernua salatu dute gainontzeko udal taldeek. «Korrika era presaka onartu nahi zuen, martxoaren 8aren aurretik», gaineratu dute. Hala, «oposizioak behartuta» eragileekin bilera egin zuela tokiko gobernuak dio oharrak. Hala eta guztiz ere, «bilera hartan esan zirenak ez ditu jaso», Berdintasun departamentua eta teknikaria «ezinbestekoak» zirela helarazi baitzitzaion gobernu taldeari.