Bidasoko ikastetxe guztiak, itxita koronabirusagatik
Hamabost egunez izango dira itxita ikastetxeak, martxoaren 27ra arte eta. Birusari eusteko asmoz hartutako neurriak direla zehaztu du, erabakia hartzeko unean, Nekane Murga Osasun Sailburuak.
Bidasoko ikastetxe guztiak itxita izango dira bihartik (hilak 13, ostirala), Eusko Jaurlaritzak koronabirusari aurre egiteko Gipuzkoako ikastetxe guztiak ixtea erabaki ostean. Gaur hartu du erabakia, ofiziala da, eta bihartik izango da indarrean. Birusari eusteko asmoz hartutako neurriak direla zehaztu du, erabakia hartzeko unean, Nekane Murga Osasun Sailburuak.
Hamabost egunez izango dira itxita ikastetxeak, martxoaren 27ra arte eta, halaber, irteerak bertan behera uztea gomendatu du Eusko Jaurlaritzak. Irakasleek lanean jarraituko dute ohiko ordutegiarekin ikastetxe horietan. Azken horiei, material didaktikoa prestatu eta ikasleen eskura jartzea eskatu diete “ahal den neurrian ikasleek modu ez presentzialean lan egiten jarraitu dezaten”. Bestalde, ikasleek etxeko bizitza normala egitea badute ere, Osasun Sailak gomendatu du ahal den neurrian saihestu dezatela taldeko jarduerak egiten diren esparru itxietan egotea; halaber, osasun agintarien gomendioak betetzeko eskatu du, hartutako neurriek birusa kontrolatzen lagunduko dutelakoan.
Ikastetxeek zabalik izango dituzte familiekin komunikatzeko ohiko bideak Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, “informazio eguneratu guztia helarazteko”. Informazio eguneratua hemen kontsulta daiteke.
Eskola kirola eta federatua
Ikastetxeek ateak itxiko dituzte, eta Euskadiko Kirol Federazioak atzo erabaki bazuen ere bere menpe dauden kirol partida guztiak bertan behera uztea, Gipuzkoako Kirol Federazioak gaur hartu du erabaki hori. Horren arabera, Eskola Kirola eta kirol federatuko partida guztiak bertan behera geldituko dira.