Bihar bozkatuko den Berdintasun Planaren inguruan kezka adierazi du Emeki elkarteak
Hainbat argudioen artean, berdintasun politika «eraginkorrak» garatu ahal izateko Hondarribiko Udalak bere esku dituen «neurri, baliabide eta langile eskasia» medio kezkatuta daude kideak.
Biharko osoko bilkuran bozkatuko du Hondarribiko Udalbatzak I. Berdintasun Plana, eta horrekiko kezka agerian utzi nahi izan du Emeki emakumeen elkarteak komunikabideetara bidalitako ohar batean. Hain zuzen, «gure egunerokotasunean eta bizi ingurunean berdintasun politika eraginkorrak garatu ahal izateko Hondarribiko Udalak bere gain dituen neurri, baliabide eta pertsona eskasengatik» adierazi dute kezka elkartekideak.
Berdintasun departamentuaren eta Berdintasun teknikariaren «garrantzia» eta «beharra» nabarmendu ditu Emekik, hurrenez hurren, «genero ikuspegia duten udal berdintasun politikak bultzatzeko eta bermatzeko». Berdintasun departamentua eta teknikariaren figura sortzea 2020-2023 urteetarako helburu «operatibo» gisa ez planteatzea haien kezka areagotzen duela ohartarazi dute.
Ildo horretan, indarkeria matxistaren aurkako protokolo ezak eta horren sorrera 2022. urtera arte atzeratu izanak «egonezina» sortzen diela onartu dute. Are gehiago, planaren garapena, sustapena eta ebaluazioa Gizarte Zerbitzuen esku utzi izana «ulertezina» dela iritzi diote, «momentu honetan lanez gainezka dagoen arloa delako».
Elkarteak «errespetu osoa» adierazi nahi izan dio Hondarribiko Udalari bere osotasunean, baina argi utzi nahi izan dute euren eskariak ez direla «kapritxo» bat, «indarrean dagoen legezko aginduaren arabera udaletxeek bete beharrekoa baizik». Azkenik, elkarlanerako prestutasuna, konpromisoa eta interesa dituztela argi utzi dute.