Hiru mozio aurkeztuko ditu EH Bilduk biharko osoko bilkuran
Berdintasun Plana, udalbatzarren maiztasuna eta agintaldi planaren ingurukoak izango dira koalizio abertzalearen proposamenak.
Bi asteko atzerapenaren ondoren bihar, hilaren 12an (18:00), bilduko da Hondarribiko Udalbatza. Otsailaren 27an egitekoa zen osoko bilkura, baina Berdintasun Plana aztertzeko eta ekarpenak egiteko denbora eskatu zuten udal alderdi guztiek, eta hala onartu zuen gobernu taldeak. Bihar egingo dute azkenean osoko bilkura eta EH Bilduk aurreratu duenez, Berdintasun Planarekin, plenoen egutegiarekin eta agintaldi planarekin zerikusia duten hiru mozio aurkeztuko ditu.
Hondarribiko I. Berdintasun Planari dagokionez, Berdintasun teknikariaren figura sortzea eta hura kontratatzeko prozedura abiatzeaz gain, plana «eztabaidatzeko eta onartzeko» egutegia finka dezan eskatuko du koalizio abertzaleak mozio honen bidez.
Bestalde, biharkoa «zazpi hilabeteren ondoren, legealdiko bigarren ohiko udalbatza» izango dela kexu agertu da EH Bildu: «Proposamenak pilatu egiten zaizkigu eta ezin diogu gure jardunari normaltasunez ekin. Gaurkotasunak hala behartuta askotan proposamenak egiteko aukerarik gabe geratu izan gara». Hori dela eta, osoko bilkuren agenda bat adosteko galdegingo dute Xabier Isasi bozeramaileak eta Xabi Bengoetxea zinegotziak biharko udalbatzarrean.
EH Bilduren Udal Taldeko azken mozioak agintaldi planari eragiten dio. Hala, 2019-2023 agintaldirako egitasmoa zehaztu dezan eskatuko dio EAJren Gobernu Taldeari batetik; udalbatzan iragarritako pertsonalaren kontratazioari buruzko hitzarmena aurkeztea hori adostu ahal izateko galdegingo du bestetik; eta Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna eta Lankidetza departamentuan behar diren lanpostuak sortzea eta lanean ari diren langileen egoera egonkortzea proposatuko du, azkenik.