Alokairuzko Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikiko ditu udalak
42 etxebizitza eraikiko ditu Alarde inguruan. 2020an bertan obrekin hastea aurreikusi du udalak.
Jose Antonio Santano alkateak, Irungo Udaleko Etxebizitza saileko ordezkari Jon Ugartek eta saileko gerente Idoia Yarzak gaur bertan Alarde eta San Miguel Anaka eremuetako garapen urbanistikoaren inguruan aritu dira. Zehazki, bi proiektu aurkeztu dituzte.
Lehena, Alarde inguruan alokairuan esleituko diren Babes Ofizialeko 42 Etxebizitza eraikitzeko proiektua da. Dagoeneko eraikitzeko lizentzia eskatu dutela diote udaleko iturriek, eta behin-behineko kalifikazioren tramiteekin ere hasi direla. Obrekin 2020an bertan hastea aurreikusi dute.
Proiektuan logela bateko 10 etxebizitza, bi logelako 28 eta lauko 2 eraiki nahi dituzte. Gehienek terraza izango dute, eta horietako bi mugikortasun zailtasunak dituztenentzako izango dira. Etxebizitzen adjudikazio prozesua eraikuntza amaitu baino sei hilabete lehenago hasiko dute.
San Miguel Anaka
Bestalde, San Miguel Anaka eremua urbanizatzeko proiektua onartu berri dutela jakinarazi dute gaur. 2021ean hasiko dira obrekin, eta San Sebastian kalean hasiko dituzte. 1.175 etxebizitza eraikitzea aurreikusi du udalak, horietako 887 babes ofizialekoak. Gainera, igerilekuak eta kirol instalazio berriak eraikitzeko asmoa adierazi du alkateak.