Berdintasun Plana eta diru-laguntzen inguruko proposamenak egingo ditu PSEk
Plana betetzeko teknikaria eta departamentu propioaz gain, diru-laguntzen egutegi zehatzagoa ere proposatuko du talde sozialistak osteguneko osoko bilkuran.
Ostegunean (hilak 12) bilduko da Hondarribiko Udalbatza eta bilkuraren seigarren puntuan jorratuko den Hondarribiko I. Berdintasun Planak udal taldeen arteko eztabaida piztuko duela agerian geratzen ari da. Oraingoan, PSE-EEren Udal Taldeak luzatu dio eskaera udal gobernu taldeari, eta plana betetzeko Berdintasun teknikariaz gain Berdintasun departamentua era ditzala exijitu dio. Horrez gain, diru-laguntzen eskaera egiteko egutegia zehatzagoa izan dadila ere galdegin du sozialisten taldeak.
Lehenik eta behin, plana «positibotzat» jotzen duen arren, hori ezartzeko eta betetzeko prozedurarekin desadostasuna agertu du udal taldeak. Izan ere, Emakundek Hondarribiko Berdintasun Planari egindako gomendioari jarraituz, «plana betetzeko berebiziko garrantzia du Berdintasun departamentuaren sorrera, teknikaria eta diru-saila erreserbatzea». Hondarribiko Gobernu Taldeak proposatutakoaren arabera aldiz, plana Gizarte Zerbitzuen eta kanpo idazkaritza zerbitzu baten menpe egongo da. Kritiko agertu dira sozialistak proposamenarekin, Gizarte Zerbitzuen departamentua «lanez gainezka» dagoela argudiatuta.
Diru-laguntzen sistemaren erreformari dagokionez, ontzat jo du udal taldeak araua «ikuskatu eta egokitu» izana, baina hala ere, egutegi zehatzagoa argitara dezan eskatu dio tokiko gobernuari, herritarrek denboraz joka dezaten izapideak egiteko garaian. Halaber, zenbait diru-laguntza eskatzeko epea urtarrilera edota urteko lehen hiruhilekora mugatzeko eskaria helarazi du.