'InsurgenZia' dokumentala aurkeztuko dute Lakaxitan
Hilaren 19ko proiekzioaren harira, bazkaria eta kontzertu sorta eskainiko dute gune autogestionatuan.
Irungo Lakaxita gaztetxeak egun osoko egitaraua prestatu du datorren hilaren 19rako (osteguna da). InsurgenZia dokumentalaren aurkezpena probestuz, bazkaria eta kontzertu sorta eskainiko dute gune autogestionatuan.
Bazkariarekin ekingo diote egunari, 14:00etan zehazki. Ondoren, 16:00etan, dokumentala estreinatuko dute. Ikus-entzunezkoan Espainiako Estatuko 16 errepresaliaturen egoera islatu dute, zuzeneko elkarrizketen bitartez. Honakoak dira errepresaliatu protagonistak: Pablo Hasel (raperoa), Ruben Ollo, Rocio Ballesta (O Cona Insumisa), Cherra (Los 18 de Macarena), Jorge (Distrito 14), Elgio (Raperoa), Jose Antonio Jimenez (Francisco Moleroren abokatua), Josefina Lamberto (Maravillas Lamberto ahizpa), Eneko Compains (euskal presoa), Joxe Lacalle (argazkilaria), Tamara Carrasco (CDR Viladecans), Elena Ortega (Alfon presoaren ama), Jorge Correa, Nahia Otxagabia eta Markel Jiménez (Maravillas Gaztetxeko kideak), Josu (grafiteroa) eta Nagore Gabilondo (Ahotsa.info).
Dokumentalaren aurkezpenean Virginia Senosiain eta Juan Luis Napal zinemagileak izango dira. Proiekzioaren ostean, eztabaida izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Eguna biribiltzeko lau talde igoko dira Lakaxitako oholtzara, 18:00etatik aurrera. Fufu, Eneritz Furyak, Korkut eta Ardilatxen taldeek kontzertu bana eskainiko dute. Sarrerak 3 euroan eskura daitezke, Lakaxitan bertan.