Diru-laguntzen plan estrategikoa eramango du plenora udal gobernu taldeak
Diru-laguntzak eskatzeko administrazio prozedura eta araubide juridikoa egokitu ditu udalak. Eskaera epea ekaina aldera zabaltzea aurreikusi dute.
2020-2023 Diru-laguntzen Plan Estrategikoa eramango du EAJren Udal Gobernuak etziko osoko bilkuran bozkatua izan dadin. Administrazio prozedura eta araubide juridikoak eguneratu eta egokitu ditu tokiko gobernuak, izapideak erraztu eta deialdiak aurreratu ahal izateko helburuarekin. Aurreikuspenak betetzen badira, maiatza bukaeran edo ekaina aldean zabalduko dute diru-laguntzen eskaera epea.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Juan Luis Silanes Kalixa Kultura zinegotziak eman dute planaren berri gaur goizean komunikabideen aurrean egindako agerraldian. Azaldutakoaren arabera, plan estrategikoak ildo orokor batzuk jarraitzen ditu, baina horiek orain onartzeak «ez du esanahi ezin dituela aldaketarik eduki ekitaldi berri edo esanguratsuak sortzen diren heinean».
Hala, diru-laguntzen ordenantzaren aldaketa eta oinarri arautzaileen moldaketa egin du gobernu taldeak, denboran «egokitzapenak» egiten joan diren arren, «orain iritsi da eguneratzeko garaia».
Urtebetez landu du proposamena tokiko gobernuak legea egokitzen, Silanesek esan duenez. Udal taldeek ezagutzen dute plana dagoeneko, baita elkarteek ere. Ekainerako diru-laguntzen deialdi bateratua egingo du udalak.