Itsasoen kutsadura ardatz duen nazioarteko zinema zikloa hartuko du auditoriumak
Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa Itsas Etxea auditoriumera iritsiko da lehen aldiz aste honetan; hemezortzi film labur eta bi dokumental proiektatuko dituzte denera.
Itsasoen kutsadura, aldaketa klimatikoa eta urazpiko animaliek bizi duten egoera mahaigainean jarriko ditu ostegunean eta ostiralean Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren lehen ekitaldiak Hondarribian. Itsas Etxea auditoriumean proiektatutako dituzte aipatutako problematika jorratuko dituzten hemezortzi film labur eta bi dokumental, 19:30etik 21:00etara bitartean. Sartzea debalde izango da.
Urpeko nazioarteko zikloa 1975. urtean jaio zen Real Sociedad Fundazioaren eskutik. Hala azaldu du David Sanchez fundazioko ordezkariak Juan Luis Silanes Kalixa Kirol zinegotziarekin egindako aurkezpenean. Urte horietan guztietan gai positiboak zein negatiboak landu dituztela adierazi du ordezkariak, orain ordea batez ere alde negatiboa jorratzea egokitu zaiela dio, «zergatik? Tamalez, gure itsasoak kutsatzen dituen problematika oso larri baten aurrean gaudela jabetzen ari garelako».
Dena ezkorra ez izateko baina, begirada positiboa jarriko duen Txikizikloa antolatu dute. Bertan arazoa zein den argi uzteaz gain, «batez ere soluzioa zein den irakasten saiatzen gara». Ume eta gaztetxoei zuzendutako atalak hiru film labur eta hitzaldi bat hartuko ditu, «dena aldaketa klimatikoan zentratuta».
Aldaketa irudian
Zikloa oso didaktikoa izateaz gain, sentsibilizazioa bultzatzeko helburua dauka, «modu oso entretenigarrian» Sanchezek dioenez. Izan ere, urpeko irudiekin lan egiten duten profesionalek gauzak kontatzeko modua aldatu egin dutela azken urtetan uste du arduradunak, «gaur egun ez daude hain klasikoak ziren dokumental luze horiek, orain irudi ederren eta problematikaren nahasketa egiten da».
Frantziatik, Argentinatik, Mexikotik, Kanadatik, Italiatik… iritsitako ikus-entzunezkoak ikusteko aukera egongo da urpeko zikloan. Hain zuzen, nazioartean hedatzeko gakoetako bat, orain dela urte batzuk martxan jarritako Salaketa Ekologiko Onenaren saria izan zela zehaztu du ordezkariak. Saria irudi zein bideo kategorietan banatzen dute, eta horrek profesional askoren begirada erakarri zuela aitortu du Sanchezek. Arazoa salatzen eta mezuaren hedatzen mesedegarria izan da aldi berean aldaketa hori arduradunak esan duenez.
Hala, proiektatuko diren lanen artean, Sanchezek nabarmendu du itsasoaren ur maila igotzearen ondorioz Maldivek bizi duten arriskua azaleratzen duen Un paso de gigante dokumentala. Zikloa ixteko ardura izango du gainera ikus-entzunekoak. Film laburren atalean One breathe around the world lanak apnea bidez munduari bira ematera eramango ditu ikusleak; Bidasoa urdin odola Kantauri itsasoaren bideorik onenak, bestalde, paseo bat emateko gonbita luzatuko die bertaratzen dien lagunei. Azkenik, Salaketa Ekologiko Onenaren saria irabazi zuen Caila proiektuak euskal kostaldeko marrazo autoktonoek hegatsean sufritzen duten mutilazioen arazoa azaleratu eta ikuslearengana gerturatuko du.