Bukaerara iritsi da Emekik antolatutako Emakumeen V. Pala Txapelketa
Mirari eta Sole Etxegia ahizpak, eta Alba Sistiaga eta Garazi Peluaga bikotea gailendu dira berreskuratu berri den pala lehiaketan.
Emakumeen V. Pala Txapelketa bukaerara iritsi zen larunbatean, Soroetako pilotalekuan jokatutako azken jardunaldiaren ondoren. Bi kategorietan parte har zezaketen lehiakideek, gomazko pilotan edo tenisekoan. Otsailean hasi zen Emeki elkarteak berreskuratu berri duen pala txapelketa eta Martxoaren 8aren bueltan amaitzea aurreikusi zuten, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko helburuarekin.
Goizuetako (Nafarroa) Mirari eta Sole Etxegia ahizpek osatutako bikoteak gomazko pilota kategorian irabazi zuen, eta Irungo Alba Sistiagak eta Garazi Peluagak aldiz, tenisekoan. Garbiñe Tijero eta Amaia Sorabilla txapeldunorde izan ziren lehenean, eta Lourdes eta Izaskun Amunarriz ahizpak, bigarrenean.
Giro ezin hobean eta kontent lortutako emaitzarekin, Klink elkartera joan ziren mokadutxoa hartzera parte hartzaileak eta antolatzaileak lehiaketaren ondoren.
Hamabi bikotek parte hartu dute denera 2020ko txapelketan, eta giro ederrean burutu dira kanporaketak zein finala ere. Emakume eta nesken artean eskupilota zein pala kirolak berreskuratzea eta sustatzea izan da helburu nagusia.