Charlie Baty 2017ko Hondarribia Blues Festivaleko sariduna zendu da
Larunbatean hil zen Amerikako Estatu Batuetako musikari ospetsua, 66 urte zituela. Bentako eszenatokia betetzea lortu zuen gitarra jotzaileak 2017an.
Charlie Baty gitarra jotzaile ospetsua larunbatean (martxoak 7) hil zen, 66 urte zituela. 2017ko Hondarribia Blues Festival saria jaso zuen estatubatuarrak David de Jorge sukaldari hondarribiarraren eskutik. Bentako agertokia jendez gainezka egotea lortu zuen musikariak jaialdiaren barruan eskainitako emanaldian zein sari banaketan ere.
Hondarribia blues jaialdiaren ospeak erakarrita onartu zuen Batyk festibalean parte hartzeko gonbita. Alabaman (AEB) jaio zen 1953. urtean eta zortzi urte zituela Kaliforniara mugitu zen. Musikari amorratua, hamabi urterekin harmonika jotzen ikasi zuen, eta 1976an, Little Charlie & The Nightcats taldea sortu zuen Rick Estrinekin batera. Momentu hartan harmonika alboratzea eta gitarra jotzen hastea erabaki zuen Batyk, bluesaren munduan ospe handiko musikaria bilakatu arte. 2008an taldea utzi eta bakarkako bideari ekin zion estatubatuarrak.