San Juan plazan bilduko dira, «EB eta estatuen ibilbide lotsagarri eta gizagabea salatzeko»
Azkenaldian Grezian, Hungarian edota Baionan migranteek jasandako gehiegikeriak salatzeko elkarretaratzea egingo du Irungo Harrera Sareak larunbatean.
Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea antolatu du datorren larunbaterako (hilak 7). 12:00etan bilduko dira San Juan plazan, «Europar Batasunaren eta estatuen ibilbide lotsagarri eta gizagabea salatzeko».
«Europar Batasunak gerra deklaratu die migranteei. Guk harrera eta bakearen lurraldea aldarrikatzen dugu», diote sareko boluntarioek. Azken asteotan Baionan, Grezian zein Hungarian migratzaileek jasandako gehiegikeriak gogor salatu nahi izan dituzte. Lehenik, Baionako presondegian otsailaren 26an migrante batek bere buruaz beste egin zuela salatu dute. «Atxilotua izan zen Hendaiako atxikitze zentrotik ihes egitea lortu zuen. EB eta estatu kideek ez dute nahikoa milaka pertsonei laguntza eta babesa ukatzearekin. Haien bizitzak txikitzen dituzte beren politika arrazistekin», diote.
Grezia eta Hungariako kanpo mugetako egoeraz ere mintzatu dira sareko kideak. Bertan dauden migranteei gerra deklaratu dietela diote amorruz. «Estatuak migranteak erasotzen ari dira, laguntza humanitarioa behar dutenak akabatu beharreko etsaia bezala tratatzen ari dira». Bide batez, Irundik Zaporeak elkarteko kideei sostengu eta elkartasun osoa adierazi diete.
Horregatik guztiagatik, ondorengoa aldarrikatu dute: antiarrazismo aktibo eta transnazionala inoiz baino beharrezkoagoa dela, guztientzako zirkulazio eta instalazio askatasuna eta jendarte aktibo eta jabetua izatea, izan ere, «eskubideak guztiontzako dira edo ez dira ezer».