Bidasoa taldearen historia, kalera
Orain dela 25 urte irabazitako Europako Kopa errepasatzeko lau panel erraldoi jarri dituzte hiriko kaleetan.
Bidasoa eskubaloi taldeak Europako Kopa irabazi zuenetik 25 urte bete dira aurten, eta urteurren berezia biribiltzeko, bestelako ekintzen artean, erakusketa bat zabaldu berri dute. Irungo kaleak dira erakusketaren agertoki nagusia.
2×3 metroko panel erraldoiak jarri dituzte, zehazki, Uranzu pilotalekuan, Luis Mariano lorategian, Artaleku kiroldegian, eta San Juan plazan. Horietan, orain dela 25 urteko irudiak ikus daitezke, eta besteak beste, garaiko anekdotak eta informazioa jaso dute.
Era berean, panelak ezagutzeko bisita gidatua ere egingo dutela iragarri dute gaurko aurkezpenean, Iñaki de Mujika kazetariaren eskutik. Lehen bisita hilaren 28an (larunbata da) izango da, 11:00etatik aurrera.