Haize ufada bortitzek hainbat zuhaitz eta tximinia bat bota dituzte
Ezbehar larririk gertatu ez den arren, Baserritar etorbidean eroritako zuhaitzaren ondorioz errepidea moztu behar izan zuten udaltzainek.
Hondarribiko udaltzainak eta Bidasoko suhiltzaileak etenik gabe lanean aritu ziren atzo arratsaldean. Haize ufadek gogor astindu zuten Hondarribia, horien artean bortitzena Jaizkibelen neurtutako 134,8 kilometro ordukoa izan zelarik. Horrek guztiak hainbat ezbehar sortu zituen, hainbat zuhaitzen eta tximinia baten erorketa eraginez.
Udalak jakinarazi duenez, haizeteak Mendelu auzoko eraikin bateko tximinia erortzea eragin zuen arren, ezbeharrak ez zuen zauriturik eragin. Zuhaitzak bestalde, kirol kaian, Justizen, Biteri kalean eta Baserritar etorbidean erori zirela jakinarazi du tokiko gobernuak. Azken horrek eragin zuen kalterik nabariena errepidean erori eta bidea trafikora moztu behar izan baitzuten udaltzainek.
Gaur lehen ordutik erretiratze lanean ari direla udal brigadako langileak adierazi du Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.