«Irunek eta irundarrek nondik gatozen jakitea merezi dute»
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak memoria historikoaren alde udalean emandako pausoen errepasoa egin du gaur. Bide berean jarraitzeko asmoa adierazi dute, mozio gehiago aurkezteko.
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak agerraldia egin du gaur, taldeari esker azkenaldian Irungo Udalean onartu diren egitasmoen errepasoa egiteko. Bertan izan dira Santi Jimenez eta Miren Etxebeste zinegotziak.
Lehenik, Elkarrekin Podemosi esker Irungo Udalak memoria historikoa lantzen duten (1936ko gerra te frankismo garaiko errepresioa) elkarteekin hitzarmen bat sinatu beharko duela gogoratu dute. Baina, harago joateko asmoarekin, 2020ko aurrekontu akordioetan proiektu handi bat lotu dutela ere nabarmendu dute: hiriaren iragana sakonean ezagutzeko asmoa du proiektuak, ildo ugari ukituko dituzte. «Irunek eta irundarrek merezi dutelako nondik gatozen jakitea, eta gure hiriko txoko askoren jatorria zein den», adierazi du Jimenezek.
Mozio bat ere aurkeztu zutela gogoratu dute gaurko agerraldian (Irungo Udalaren konpromisoa lortuz), frankismoko biktimen eta errepresaliatuen giza eskubideen aitortzan aurrera egiteko asmoz. Gainera, mozio horren arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Gogogorak euskal herritarren gorpuzkiak Cuelgamuros Haraneko hobietatik ateratzea exijitu behar die Espainiako gobernuari, eta lehen kontaktu hori egitea udalaren betebeharra dela nabarmendu dute.
Gertaera horiek aitortzeko lehenik eta behin ezagutu egin behar direla diote formazio moreko kideek, eta horretarako, zientzia auzitegiak informazioa sortzen funtsezkoak izan direla diote, «bazterretan eta historia liburuetan ezkutatuta zeuden krimen latz horien proportzioa aintzat hartuta, gaur egun oraindik osatu gabe dagoen egia hori ezagutu ahal izateko», esan du Etxebestek.
Etorkizunari begira, memoria historikoarekin lotutako mozio gehiago aurkezteko asmoa adierazi dute gaurko agerraldian. «Sentimenduek ez dute iraungitze datarik. Biktima guztiek memoriarako eskubide hori dute, gizarteak ere memoriarako betebeharra du», gehitu dute.