Atsedenaren ondoren, bueltan da Gorpuzkingz
Alemanian izango da Hondarribiko taldea datorren hilean Berlin Tour 2020 biraren barruan hainbat kontzertu eskaintzeko prest.
Euskal Herriko agertokietara itzultzeko prest dago Gorpuzkingz, eta hala jakinarazi dute kideek azken egunotan sare sozialen bidez publiko egindako mezuen bitartez. Goizegi da Euskal Herrian lotutako kontzertuen berri emateko, Zakil Onil taldekideak adierazi duenez, eta beraz, taldea ikusteko interesa duten lagunek Alemaniara bidaiatu beharko dute lehenbizi. Izan ere, euskal trapa hedatzeko helburuarekin, Berlin Tour 2020 bira eskainiko du taldeak apirilaren 7tik 10era bitartean.
Hori horrela, Alemaniara joateko gogoz daudela zehaztu du abeslariak. Izan ere, «oso ondo ordaintzen dutelako joango gara hara, eta Berri Txarrak-ek jada jotzen ez duenez, mundua aberatsagoa da eta ezinbestekoa zen gure presentzia Alemanian», gaineratu du Onilek. Are gehiago, Berri Txarrak taldeak utzitako lekua betetzeko «prest» daudela ohartarazi du musikariak.
Berlingo Euskal Etxearekin elkarlanean antolatu du taldeak datorren hilabeteko bira. Lehen kontzertua apirilaren 7an emango dute Zieloma Gora aretoan, 20:00etan; bigarrena, Zum Franziskaner tabernan izango da apirilaren 9an, 20:00etan; Rote Insel gaztetxean antolatutako emanaldiarekin osatuko du bira taldeak apirilaren 10ean, 21:00etan.