Aniztasuna eta berdintasuna mezu positiboen bitartez aldarrikatuko dituzte
Gaztetxoen artean hausnarketa bultzatzeko asmoarekin '#Berdintasunatizatu' jaialdia antolatu du Prebentzio Komunitarioak bihar arratsalderako, Butroi pasealekuaren bukaeran.
Aniztasuna eta berdintasuna aldarrikatzeko helburuarekin #Berdintasunatizatu izenpeko jaialdia antolatu du Hondarribiko Udaleko Prebentzio Komunitarioa zerbitzuak biharko, Butroi pasealekuaren bukaeran, kiroldegi inguruan, 17:00etan. Klarionekin lurrean mezu positiboak adieraziz hausnarketa bultzatzea da saio honen helburu nagusia. Maria Serrano Gazteria zinegotziak eta Nerea Zuazua prebentzioko koordinatzaileak izan dira aurkezpenean gaur goizean.
Tizatu izeneko proiektua 2019an abiatu zuen departamentuak aniztasunaren eta berdintasunaren inguruan hainbat gaztek gogoeta abiatzeko adierazitako interesagatik. Espazio honen bidez «hausnarketak kaleratzeko eta elkarbanatzeko aukera» eskaini zitzaien, Serranok azaldu duenez.
Orain, martxoaren 8a baliatuta, jaialdia antolatzea erabaki dute udal ordezkariek, eta hausnarketarako mezu positibo horiek espazio publikoan gizarteratzeko saiakera egingo dute parte hartzaileek. Hori bai, klarionak erabiliz «momentuan artelana sortzeko aukera ematen digutelako, eta aldi berean, garbitzeko aukera dagoelako espazio publikoak zainduz eta egoki mantenduz».
Azkenik, #Berdintasunatizatu traolaren garrantziaz ohartarazi du Zuazuak, sare sozialetan ere «hausnarketa eraikitzeko espazioa lortzen baita».