12-16 urte bitarteko neska irundarren artean kirola sustatu nahi du EAJk
12-16 urte bitarteko nesken artean kirola uzten dutenen kopuruak gora egin duela adierazi dute jeltzaleek, %70a inguru. «Errealitate kezkagarria» da jeltzaleentzat.
Irungo EAJ taldea kezkati azaldu da azken urteotan haurtzaroan eta nerabezaroan eman den sedentarismoaren maila altuarekin. Arazo konplexua eta faktore askok baldintzatua dagoela uste dute jeltzaleek, eta egoera horren aurrean, udala haurrengan kirola sustatzeko neurrien bultzatzailea izan behar duela adierazi dute.
Lehenik, 12-16 urte bitarteko nesken artean kirola uzten dutenen kopuruak gora egin duela adierazi dute jeltzaleek, %70a inguru, «errealitate kezkagarria» EAJrentzat. «Genero arrakala murrizteko ahalegina egin behar dugu, bai gizartean baina baita kirolean ere. Gau egun, oraindik, gizonezkoen kirola emakumezkoena baino gehiago kontsumitzen da, eta horrek bere eragina edukiko du noski, horregatik da hain garrantzitsua kirola behetik gora sustatzen hastea, tokikotik lurraldera». Horregatik nabarmendu dute sinergiak eta programak sortzea beharrezkoa dela.
Ezer baino lehen, haurtzaroan eta nerabezaroan jokabide aldaketa bat sustatzen hastea beharrezkoa dela nabarmendu dute, eta bide horretan udalak bertan egon beharko lukeela uste dute jeltzaleek. «Uste dugu kontzientziazio prozesua, udalerriko ikastetxeetako irakasleek, eskola kiroleko begiraleek eta beste kirol klubek ere egin dezakeela. Horretarako, udalak hiriko eskolekin, eta klubekin koordinatutako egitasmoak sortzea proposatzen dugu». Haurrak kirolaren prozesuan inplikatzea helburu duten programak bultzatu nahi ditu EAJk. Denboraldiko helburuak ezartzerako prozesuan parte hartzea bultzatu edo sariak banatuko lituzkeen festa bat antolatzea proposatu dute,besteak beste.
Azkenik, eskola kirolean eta kirol federatuan emakumeen kirola bultzatzeko apustua egitearen beharra nabarmendu dute: «uste dugu gehiago bistaratu behar ditugula lorpen handiak dituzten emakumezko kirolariak, Irunen ez baitira gutxi, eta erreferente bihurtu gure gizartearentzat», esan dute.