Torturaren itzal luzea
Martxoaren 25era atzeratu dute Iratxe Sorzabal irundarraren aurkako auzi saioa. Haren kontrako laugarren euroagindua ikertuko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskariz.
Datorren martxoaren 25ean auzi saioa du Iratxe Sorzabal euskal preso irundarrak, Parisko Dei Auzitegian zehazki. Haren kontra Espainiako Auzitegi Nazionalak aurkeztutako laugarren euroagindua aztertuko dute. Auzi saioa hilaren 19rako zehaztu arren, fiskaltzak erabaki du atzeratzea, irundarraren defentsak aurkeztutako dokumentazioa denborarekin ikertu ahal izateko.
2001ean atxilotu zuten Sorzabal, 1996an Donostiako epaitegi batean ETAren izenean lehergailu bat jartzea leporatuta. Xantiana Cachenaut abokatuaren arabera, Guardia Zibilaren atxiloaldian torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen dira akusazio hori egiteko.«Akusazioaren oinarri guztiak torturapean egindakoak izan dira. Espainiako epaileak bestelako elementu batzuk badirela dio, baina ongi aztertuta, oinarria berbera da, torturapean egindako deklarazioak», azaldu du.
Zehazki, bost eguneko atxiloketa garaian izan ziren torturak. Abokatuak eta euskal presoaren senide eta lagunek maiz gogoratu dute hainbat erakundek egiazkotzat jo zituztela irundarraren kontrako tratu txarrak. Lehenik, Madrilgo San Carlos Ospitalean egindako mediku azterketek baieztatu zituzten torturak. Ondoren, kartzelan zegoelarik, CPT Europako Torturaren Prebentziorako Komiteak tortura zantzuak zeudela ikusita, ikerketarako protokoloa jarri zuten martxan, baita Amnesty International-ek ere. Gainera, defentsaren eskariz, Parisko Instrukzio Epaileak onartu zituen torturak aztertzea, eta horretarako, Istanbulgo Protokoloa aplikatu zioten irundarrari. Ikerketa honek berriz ere baieztatu zuen Sorzabal torturatua izan zela.
Abokatuak dio torturaren gaineko kasu argiena izan daitekeela Sorzabalena. «Erabat frogatua dugu torturatua izan zela. Argudio asko ditugu, objektiboki, akusazioak desmuntatzeko», gehitu du. Hori guztia gutxi balitz, abokatuak gogorarazi du 2002ko irailean aske utzi zutela Espainian, haren aurkako froga nahikorik ez zegoelako.
Matxoaren 25eko auzi saioan garai bateko epaile ezagun bat izango du alboan Cachenautek [Serge Portelli], oraingoan abokatu gisa. Horrek lagundu dezakeela uste du abokatuak, baina halere, aurreko hiru euroaginduak bezala, laugarren hau ere onartuko dutelaren beldur da. Epaileari iritzia aldaraztea izango da auzi saioan izango duten helburu nagusia. Aurreko hiru euroaginduak onartu badira, abokatuak uste du Frantziak ez duela laugarrena ukatuko, orain arte gaizki egindako lana aitortu beharko lukeelako. Egoera onena ez izan arren, saiatzea merezi duela argi du Cachenautek, eta «muturreraino borrokatuko» direla ziurtatu du, bide guztiak irekiko dituztela.
Bidegabetzat eta antidemokratikotzat jo du Cachenautek Sorzabalek azken urteetan jasandako egoera. Erabakiak zentzu politikoa duela dio, «mendeku politiko baten» biktimak direla Sorzabal eta torturak jasan dituzten euskal presoak.
Arrisku erreala
Martxoaren 25eko auzi saioan laugarren euroagindua onartuz gero, Espainiaratu aurretik Frantzian kondena osoa betetzea exijituko diote Sorzabali. Data zehatza ez den arren, hamar urte inguruko kondena bete beharko luke Frantzian [2015etik], eta ordura arte entrega suspentsioan geratuko litzateke. Bada, behin Espainiara eramango balute, beste kondena bat izateko «arrisku erreala» duela nabarmendu du abokatuak. Espainian 30 urteko kondena eskatzen diotela kontatu du, beraz, ez dute oraindik aukera hori baztertu. Egoera hori ematen bada, Frankfurteko giza eskubideen gortera eramango lukete afera.
Cachenauten arabera, gero eta nazioarteko erakunde gehiago dira tortura kasuak salatzen hasi direnak. Urratsak egiten ari direla uste du, gaia mahai gainean dagoela. «Asko dira Espainiaren jarrera salatzen dutenak. Iritsiko gara momentu batetara non kasu hauek guztiak onartuko diren. Baina kontua da noiz helduko den egun hori, espero dugu goiz izatea. Torturaren kontrako borroka inurrien borroka bat da, baina tinko borrokan jarraituko dugu», gehitu du Sorzabalen abokatuak.