«Zintzotasun falta» leporatu diote gaztetxeko kideek udal gobernu taldeari
Gazteekin bildu baina ordu batzuk lehenago tokiko gobernuak bere postura publiko egin izana horren adierazle dela dio taldeak.
Hondarribiko Gaztetxeko kideek atzo EAJren Udal Gobernuak egindako adierazpenei erantzun diete gaurkoan, «esandako zenbait gezur» ezeztatzeko helburuarekin. Taldearen aburuz, tokiko gobernuak bere postura gazteekin bildu baina ordu batzuk lehenago publiko egin izana «zintzotasun faltaren erakusle argia da».
Ildo horretan, bitartekaritza lanak egiteko gobernu taldeak bere burua eskaini izana ukatu du gazte taldeak. «Are gehiago, udalak ez du parteen arteko komunikazioa bideratzeko ganoranzko saiakerarik egin». Gazte mugimenduak bi argudio erabili ditu baieztapena justifikatzeko. Batetik, parteen arteko akordioa ahalbidetzeko zeuzkan aukerak ukatzea egotzi diote «udalak auzi honetan duen erantzukizunaz ez arduratzean tematu delako», eta «alokairu baten bidez akordio batera iristeko elizak egin dion proposamena hasieratik bertatik baztertu duelako».
Bestetik, «jabeei [elizari] beharrezko neurriak hartzea» agintzea orain arte udal gobernuak egindako «mugimendu irmo bakarra» dela uste dute gazteek. Harago jo dute euren akusazioetan, eta udal gobernua Egiluz jauregia hustearen alde egotea leporatzeaz gain, udal ordezkariek taldearekin izandako elkarrizketetan ondoko baieztapena egin izana kritikatu dute: «’Desalojoa ekiditeko aukera badago: zuek ateratzea’».
Eraikinaren segurtasunaren inguruak udal gobernuak adierazitako kezka ezerezean utzi dute gazteek, baita tokiko gobernuaren jarrera deitoratu ere. «Gaztetxera sartu bezain pronto egin genuen lehen gauza, espezialista baten laguntzari esker, egitura indartsua dela bermatzea izan zen». Eraikina zaharkituta dagoela antzematen bada, «nor da egoera horren erantzule?», galdetu diote gazteek herriko agintariei.
Azkenik, hausnarketa bateratua egiteko proposamenaren inguruan udalak «izan duen jarrera pasiboa eta desalojoa bera sustatu izana estaltzea» daudela uste dute mugimenduko kideek, eta ez ordea, «gaztetxeak dauzkan beharrei erantzutea».