Emaitza historiko bat lortzeko, elastiko historikoa
Europako Txapelketa irabazi izaneko 25. urteurrenaren harira, elastiko berezia aurkeztu du gaur Bidasoak. Biharko partidarako energia emango die.
Bihar jokatuko du Bidasoa eskubaloi taldeak Velux Champions League txapelketako partida Artalekun (16:00). Last 16 fasean sartzeko kanporaketaren itzuliko partida jokatuko dute irundarrek, Poloniako Wisla Plock taldearen kontra. 32-25 galdu zuten han, beraz, kanporaketa gainditzeko lan handia egin beharko dute Bidasokoek, garaipen historikoa lortzeko. Bada bide horretan, laguntzaile bat izango dute, materiala: Bidasoak Europako Kopa irabazi zueneko elastikoaren erreplika aurkeztu dute gaur.
Izan ere, 1995ean lortutako garaipen historiko horren gaineko ekitaldiak egiten ari dira Irunen, eta egin dituztenen artean bat da elastikoaren erreplika. Hazlan joskintza tailerrak egin du, eta Bidasotik zehaztu dutenez, biharko partidan salgai egongo dira, 35 euroan. Gaur bertan aurkeztu dute kamiseta, Elgorriaga publizitatearekin eta guzti.
Bidasoako zuzendaritzako kide eta 25. urteurreneko lantaldeko kide Ruben Frailek aipatu duenez, 1995ean txapeldun izan zen Bidasoaren “zerbait” ekarri nahi dute, biharko partidan kanporaketa iraultzeko baliagarri izan dadin, “orduko jokalari haien espiritua ekarriko dugu elastiko horiekin”. Frailek Hazlan enpresari eskerrak eman dizkio, azkar batean egin dituztelako lehen elastikoak bihar salgai egon daitezen.
Gaurko aurkezpenean Bidasoko jokalari bat izan da, kamisetan 25 zenbakia eramaten duena hain zuzen: Jon Azkue. Eta kasualitatea edo ez, aurkezpenean 25 zenbakia zuen kamiseta erabili dute. Europako Txapelketaren 25. urteurrena, eta Azkue da taldeko ikur nagusienetakoa, eta elastiko historikoaren zenbakia, gaur, 25a. Bihar 25ean utziko al dute Wisla Plock? Horrela balitz, Bidasoak aldeko 33 gol beharko lituzke kanporaketa iraultzeko.
Azkuek ere hitz egin du. “Europako Kopa irabazi zuen talde hori ez nuen jokatzen ikusi. Baina ohorea izango da niretzat elastikoa erosi ahal izatea, eta gordetzea. Hala egin nuen iazkoarekin, hain zuzen, Ligan bigarren eta Asobal Kopako txapeldunorde izan ginelako. Aurten Europan gaude, eta ziur naiz jarraituko dugula”.
Hazlan enpresako Marian Irastorza ere izan da aurkezpenean. Elastikoa egitea ohorea izan dela adierazi du, eta hasierako asmoa martxoko lehen asterako horiek bukatuta egotea bazen ere, prozesuak azkartzen ahalegina egin dutela jakinarazi du, biharko partidarako prest izateko. Made in Irun esaldiarekin oso identifikatuta daudela esan du (haien arropetan agertzen da esaldi hori), eta aitortu du gustua izan dela elastikoa egitea, eta 25. urteurreneko lantaldearekin lan egitea.