«Auzi honen atzean mendekua dago, ez oinarri juridikorik»
Euskal presoaren senideek azken urteetan pairatu beharreko egoera zailaz aritu da anaia. Matxoaren 25ko auzia ilun ikusi arren, ez dute amorerik emango.
Epaiketaren atarian, nola ikusi duzu Iratxe, zer moduz dago?
Egoera bitxia da, ez baitugu gehiegi hitz egiten gauza hauetaz. Bera bisitatzen dugunean ez ditugu horrelako gauzak jorratzen. Gure bizitzari buruz galdetzen digu, eta gutxi aritzen gara kartzela barruko bizitzaz. Berak gu zer moduz gauden jakin nahi du, zer nolako bizitza daramagun. Alaba bat du gurekin eta berari buruz galdetzen du gehienbat. Abstraitzen gara, eta epaiketen kontuak abokatuarekin hitz egiten ditugu. Iratxerekin ez dugu gehiegi sakontzen, kuriosoa da.
Berak guri transmititzen diguna gauza bat da, baina gero berak dena barruan eramaten du. Hori argi dago, eta ikusten dugu. Beraz, gu joaten garenean beti irribarre batekin, modu positiboan hartzen gaitu. Bizi duena beretzako gordetzen du, badaki zer suposatzen duen, baita guk ere. Badakigu gauzak ez daudela batere erraz, ez da etsituta gaudelako, errealistak garelako baizik. Badakigu etorkizuna oso ilun duela, eta senideek ere daukagula. Bera oso basati torturatu zuten, eta horri buruz oso gutxi hitz egin dugu. Gogoan dut torturatu zutenean bai kontatu zigula pasatu zuen kalbarioa, 2001 urte inguruan. Orduz geroztik ez dugu sekula hitz egin, badakigulako guri min egiten digula, baina baita berari ere. Oso kontziente da zer nolako mina egin dion torturak, zer ondorio utzi dizkion. Gerora ohartu zen zer nolako tik-ak zituen, ondorio larriak zituela, alegia. Gero, bere lekukotasuna hor dago, Torturaren Aurkako Taldearen lekutasun bilduman jasan zuena irakurri dugu senideok, baina bere hitzetan oso gutxi. Gauza txarren inguruan gutxi hitz egiten dugu.
Nola uste duzue joango dela martxoaren 25eko auzi saioa?
Badakigu justiziarik ez dagoela, badakigu dena erabaki politiko bat dela. Eta badakigu Espainiaren auzi honen guztiaren atzean mendekua dagoela, ez inolako oinarri juridikorik. Frantzia beti konplize izan da. Hasieran beti duzu itxaropen txiki bat. Baina ikusi dugu izan ohi duen jarrera berbera hartu duela Frantziak. Bere arazoa ez da; espainiarrek erabakiko erabakiko dute Iratxerekin zer egin. Baina euroaginduen atzean ez dago frogarik, oinarri bakarrak torturapean hartutako lekukotasun horiek dira. Eta frogatuta dago torturatu zutela, tartean argazkiak daude, sekula egon ez direnak kasu batzuetan. Hasierako itxaropen hori izan arren, Frantziak erabaki zuen euroagindu horri argi berdea ematea. Gero bigarrena eta hirugarrena heldu ziren, eta laugarrenarekin berdintsu joango dela pentsatzen dugu. Esperantza txiki hori izatekotan hasieran genuen, baina gerora ikusi da aferak berdin jarraitzen duela.
Etorkizuna ilun ikusi arren, azken urteetan ez duzue amorerik eman.
Senideok, gauden lekuan gaudela, anormala den egoera bat normalizatzen dugu, eguneroko bizitzaren zati bat da guretzako pertsona bat preso egotea. Pertsona hori hemendik 900 kilometrora dago, haren alaba bat dugu gurekin, eta gure bizitza baldintzatuta dago zeharo. Egoera horren inguruan eraikitzen dugu guk gure bizitza, orduan, gu horretan gaude, egunerokotasun horretan. Guretzat ez da osasuntsua beti horretan pentsatzen hastea, eta horretan gaude, pixkanaka goaz, baina amorerik eman gabe. Ea zer gertatzen den. Frantzian amaituko du zigorra, eta zigorra amaitzean Espainiaratuko dute… ikusiko dugu Espainian zer gertatzen den. Badakigu zer gerta daitekeen, eta orduan egokitu beharko gara egoera horretara. Bidea luzea da, bizitza osorako gauza bat da.
Arreba bost egunez inkomunikaturik ikustean, zer etorri zitzaizuen burura?
Momentu horretan badakizu torturatzen ari direla, eta ezin duzu ezer egin. Badakizu atxilotua izan dela, nork atxilotu duen gainera, Guardia Zibilak, eta momentu horretan badakizu zer ari diren egiten berarekin. Oso gogorra da. Behin egun horiek pasata, gero dena berretsita geratzen da. Baina tortura ez da existitzen Madrilen arabera, gezur bat dela diote, guk asmatutako zerbait. Inpotentzia handia sorrarazten du horrek.
Gainera, badakigu torturarik gabe Espainian kartzelak, preso politikoei dagokionez, hutsik egongo liratekeela. Gehienak torturapen eraikitako frogengatik daude barruan. Espainiak beti erabili izan duen formula da. Ez dute nahi Iratxe kalean egotea, bere familiarekin, bere alabarekin. Eta pertsona zigortzeaz gain, inguru guztiari ere zigorra jartzen diote.
Nola egiten diozue aurre inpotentzia horri?
Batez ere uste dut garrantzitsua dela bakarrik ez sentitzea, babesa izatea. Gaur egun jende askok, gehiengo batek ulertzen du presoen aferari konponbide bat eman behar zaiola. Sakabanaketari buruz ari gara, oinarrizko gauza batez, adibidez. Gero, nik uste dut ez dela posible gehiengo bat, edo jendarte guztia kontziente ez izatea torturatu egin dela herri honetan. Egunerokoan ere ikusten da zein jarrera bortitza duen poliziak, ikusi dugu publikoki kameren aurrean edozein mobilizaziotan. Kameren aurrean egiten badute, inkomunikatuta dagoen pertsona batekin zer egiteko gai izango dira?
Torturatu aurreko garaiak ere oso gogorrak izan ziren Iratxe eta senideontzat. Bera gazte militantea zen, bizitza normala egiten zuen. Mehatxuak jasotzen zituen, etxera dei pila bat egiten zizkioten, hilko zutela, bortxatuko zutela esanez. Nik telefonoa hartu dut askotan, goizeko seietan deitzen zuten, gizonezko ahotsak entzuten genituen, astakeriak esaten. Eta gure familiari bezalaxe, beste askori ere gauza berbera pasatu zaie. Ez da gure kasua bakarrik, asko daude tipologia berekoak. Senide helduak sekulako bidaiak egiten, haur motxiladunak, sakabanaketa… Gauza orokortu bat da, eta euroaginduak aukera duten bakoitzean erabiliko dituzte. Guk bizi dugun egoera presoen senide guztiek pairatzen dute.
Etxetik oso urruti dago Iratxe. Luze bezain gogorrak dira bisita horiek?
Bai. Asteburu honetan nire ama eta Iratxeren alaba egon dira. 10 eta 77 urte dituzte. Hori senide askorekin gertatzen da. Pentsa 77 urteko emakume batek 10 urteko haur baten ardura guztia duela. Oso fuertea da egoera. Sekulako estresa da. Hara iristean deskantsatzen dugu, Iratxek ere orduan deskantsatzen du. Bera itxaroten dago, eta ez bada inor joaten oso gaizki pasatzen du, buruari bueltaka ea zer gertatu den. Denak elkartzean asko lasaitzen gara, eta gero, bukatzean, beherakada dator, beste une gogor bat.