Arantxa Urretabizkaia 'Ur Handitan' saioaren hurrengo protagonista izango da
Alardearen gaineko borroka hizpide, Hondarribiko bi gonbidatu gehiagorekin inpresioak partekatuko dituzte Xabier Madariagak gidatutako saioan.
ETB1eko Ur handitan saioak Arantxa Urretabizkaia Hondarribian egokitutako donostiarra izango du gonbidatu gisa asteartean, hilaren 4an, 22:15ean. Euskal idazle eta kazetari ezagunaren ibilbidea hizpide izango dute martxoaren 8aren inguruan «emakume errebeldeak omentzeko asmoz».
72 urte ditu gaur egun Urretabizkaiak, eta Ur Handitan saioko kideek nabarmendu dutenez, «izaera errebeldea» duen aktibista da. Are gehiago, «72 urte ditu, eta bide beretik jarraitzen du», gaineratu dute. Izan ere, aktibismoarekin oro har, baina, feminismoarekin, euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako borroka bizitza izan du Urretabizkaiak.
Ildo horretan, alardearen auziak saioaren atal «garrantzitsu» bat hartuko duela aurreratu dute ekoizleek, eta gaia egokien jorratzeko helburuarekin beste bi hondarribiarrek parte hartuko dute saioan. Hain zuzen, Ander Zubillagak eta Amaia Hurtadok haren esperientziak partekatuko dituzte Urretabizkaiarekin, alarde tradizionala, alarde publikoa, presio soziala… hizpide izango dituztelarik.
Alardeaz gain, feminismoaz, euskara batuaren borrokaz, zahartzeaz eta indarkeria politikoaren aurrean izan duen jarreraz ere mintzatuko dira Xabier Madariaga eta Urretabizkaia. Kattalin Miner eta Patri Urkizu ere solasean ariko dira gonbidatuarekin.