2019. urteko balorazio positiboa egin du Arma Plaza fundazioak
65.500 bisitari igaro dira informazio gunetik; 16.122 lagunek parte hartu dute bisita gidatuetan; eta denera, hamazazpi erakusketa egin dira urte osoan zehar.
«Oso balorazio positiboa egiteko beharrean gaude», adierazi du argi eta garbi Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak gaur goizean egindako agerraldian. Arma Plaza fundazioaren 2019ko balantzea eman du agintariak, baita 2020rako proiektu esanguratsuenak aurkeztu ere.
Helarazitako datuen arabera, 65.500 bisitari igaro dira informazio gunetik; 16.122 lagunek bisita gidatuetan parte hartu dute; eta hamazazpi erakusketa ikusgai jarri dira 2019ko urtean zehar.
Aurtengo ekitaldiari dagokionez, erakusketa eta jarduerak era askotakoak izango direla aurreratu du udal agintariak: «Mariñel ontziarekin mantenuarekin jarraituko dugu mantentze lanen hirugarren lehiaketa publikoa deituz, baita arrantzaren inguruko testigantzak jasotzen ere. Urterokoak diren proiektuekin jarraitzeaz gain, beste zenbait berritasun izango ditugu, adibidez, Enrike Lekuonaren Itsasoa, ondarea eta euskara beka abian jartzea».
Aipatutakoaz gain, harresien dibulgazioan eta bunkerren inguruko ikerketan lanean hasiko direla adierazi du alkateak.