San Juan plazako eraikin berria herritarrekin batera diseinatu nahi du EAJk
Hiriko eraikin esanguratsu eta historikoen eraldaketei edo eraikuntzei ekiteko zenbait planteamendu egin dituzte jeltzaleek.
Irungo EAJ taldeko Xabier Iridoy bozeramaileak eta Miren Guezuraga zinegotziak agerraldia egin dute gaur batzokian. Hiriko eraikin esanguratsu eta historikoen eraldaketei edo eraikuntzei ekiteko zenbait planteamendu egin dituzte. «EAJtik uste dugu badela garaia Irune politika irekiagoa, gardenagoa eta parte hartzaileagoa egiteko», adierazi dute.
Gobernu sozialistak oraindik ere San Juan plazan «arkitektonikoki udaletxearekin eta San Martzial baselizarekin lehiatzen den eraikin baten aldeko apustua» egiten ari dela leporatu diote Jose Antonio Santanori, «ekarpen zaharkituak eta prekarioak» jasotzen dituen proiektua dela. 2003-2004 urteetan 62.000 irundarretatik soilik 2.000 lagunek parte hartu zutela gogoratu dute. Proiektuak San Juan Harriko zutabe delikatua neutralizatzen duela salatu dute, «gure historiaren sinbolo garrantzitsuenetako bati protagonismoa kentzen». Gainera, San Juan plazatik San Martzial ermitaren ikuspegia ere betiko ezkutatuko lukeela diote. «Prest al zaudete gure ondare historikoa, bulego eraikin baten ondorioz, baztertuta eta baliogabetuta gera dadin?», gehitu du jeltzaleak.
Herritarrei kontsulta ireki bat egiteko premia nabarmendu du EAJk, ez dira atzetik datorren proiektuarekin konformatu. «Irungo erdigunean kokatuko den eraikin batek, herritarren parte hartzea jaso behar du, garrantziagatik. zenbatekoagatik, eta sinbolismoagatik». Herritarren esku hartzea benetakoa izan behar duela diote, eta San Juan plazako eraikinaz gain, tankera horrelako beste proiektuak gogoratu dituzte, tartean, Junkal plazatxoa, terma erromatarren eraikin berria edo Ikus-Alaiko liburutegi zaharraren birgaitzea.