Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari elkartasuna adierazi diote talde guztiek
Irungo Udaleko talde politiko guztiek adostutako adierazpena kaleratu dute gaur, SEADen sorreraren 44. urteurrenean. Bandera ere jarri dute Gizarte Ongizate saileko balkoian.
Irungo Udalak adierazpen instituzionala argitaratu du gaur (hilak 27), Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) 44. urteurrenaren harira. Udaleko talde politiko guztiek adostutako testua da. Era berean, Urdanibia plazako Gizarte Ongizate saileko balkoian euren bandera zintzilikatu dute, elkartasun keinu gisa. Honakoa da, hitzez hitz, ordezkaritza duten alderdi guztiek adostutako testua:
Datorren 2020ko otsailaren 27an, Saharar Estatua (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa – RASD) sortu zeneko 44. urteurrena ospatuko du Saharar Herriak.
Mendebaldeko Sahara okupatu eta Saharar Herriak borrokan 44 urte eman ondoren, egoera konpondu gabe dago oraindik, eta lurralde okupatuetan bizi diren biztanleek zein Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan bizi direnek beren giza eskubideak urratuta dituzte, eta Marokoren okupazioaren pean edo errefuxiatu-eremuetan bizitzera behartuta daude.
Testuinguru horretan, Nazio Batuek Fronte Polisarioaren eta Marokoko Erresumaren arteko elkarrizketak desblokeatzeko emandako urratsak (duela zazpi urtetik gora geldirik) zapuztu egin dira idazkari nagusiaren ordezkari berezi Köhler jaunaren dimisioarekin, Marokok etengabeko xantaia eta jarrera intrantsigentea izan dituelako eta NBEko Segurtasun Kontseiluko kide diren herrialdeek gaiari heldu ez diotelako.
Oso une konplexua da, bide baketsua mehatxatzen duena, saharar herriaren eta Fronte Polisarioaren pazientzia ahuldu nahi duena, eta egintza burutuen politika bat inposatu nahi duena. Egoera hori ez dator bat Europako Justizia Auzitegiaren epaiarekin. Epai horren arabera, “Marokoko Erresumak Mendebaldeko Sahararekiko duen subiranotasuna ez du aitortzen ez Europar Batasunak, ez haren estatu kideek, ezeta, oro har, NBEk ere”.
Marokoko Erresumak aldebakarrekotasunez bere itsas eremua mugatzen duten bi lege parlamentario onartzea sustatu du; horrekin, NBEren Itsasoko Zuzenbideari buruzko Konbentzioan ezarritakoa urratu du, eta jurisdikzio-urak bere ur-eremuen 12 miliatara, Eremu Ekonomiko Esklusiboko 200 milietara eta Plataforma kontinentaleko 350 miliatara zabaldu ditu, kontuan izanik arau horrek Nazioarteko Zuzenbidea urratzen duela eta bereziki larria dela Mendebaldeko Saharako Lurralde Itsasoa barne hartzean.
Erabaki horrek ezegonkortasun- eta probokazio-faktore bat gehiago sartzen du Mendebaldeko Saharako gatazkan, eta ez ditu kontuan hartzen sahararrek beren lurraldean aitortuta dituzten eskubide legitimoak, eta, gainera, areagotu egiten da beren aberastasunak eta baliabide naturalak espoliatuta.
Gaur irekitzen den zikloan, herrialde okupatzaileak, Marokok, nazioarteko zuzenbidearekiko burutzen dituen ageriko urraketen aurrean eta Marokorekin dagoen kolaborazio politiko eta ekonomikoaren aurrean ezer ez egitea ez daiteke zigorrik gabe geratu. Gaur, inoiz baino gehiago, Espainiari eta Europako Batasunari gatazkan dituzten erantzukizunei aurre egiteko eskatzeko unea da. Bereziki estatu espainiarrari dagokionez, deskolonizazioaren zain dagoen Afrikako azken lurraldearen, Mendebaldeko Sahararen, herrialde administratzailea baita.
Halaber, oso beharrezkoa da oraindik ere hainbat misio instituzionalen lana, okupatutako lurraldeetan saharar biztanleekiko adierazpen-, bilera-, elkartze- eta manifestazio-eskubideen urraketa larriak egiaztatzeko, eta Nazio Batuen ebazpenak eta giza eskubideen errespetua bete daitezen exijitzeko.
Horregatik guztiagatik, Irungo Udalak ondorengoa adierazten du:
BERRESTEN DU Fronte Polisarioa dela saharar herriaren ordezkari zilegi eta bakarra, NBEk eta nazioarteak horrela aitortuta.
SALATZEN DU, berriro ere, Marokok Mendebaldeko Saharan duen presentzia legez kanpokoa dela, eta ezin duela Saharar Herriak autodeterminaziorako eta independentziarako duen eskubidea kaltetzen duen ondorio juridiko edo politikorik izan. Egiaztatzen du Mendebaldeko Sahara Nazioarteko Zuzenbidearen mende dagoen lurralde ez-autonomoa dela, eta ez dela inoiz Marokoko Erresumakoa izan. Horregatik, Mendebaldeko Sahararen legez kanpoko okupazioa eteteko, eta Saharar Herriak autodeterminaziorako duen eskubidea gauzatzeko exijitzen diogu.Espainia Mendebaldeko Sahararen “zuzenbidezko potentzia administratzaile” dela adieraziz Auzitegi Nazionalak emandako autoa erreferentzia dela IRIZTEN DIO. EXIJITZEN DIO Marokoko Erresumari saharar preso politikoak eta kontzientzia-presoak berehala askatzea, eta kontrolatzen dituen espetxeetan giza eskubideen urraketak bertan behera uztea, eta presoen osotasun fisiko eta psikikoa bermatzea. Eta preso horien familiekiko elkartasuna helaraztea.
GUZTIZ GAITZESTEN DU Marokoko Gobernuak Mendebaldeko Saharari zuzenean eragiten dioten uretan bere itsas eremua ezartzeko hartutako alde bakarreko erabakia; izan ere, erabaki horrek NBEren Itsasoaren Eskubideei buruzko Konbentzioan adierazitakoa, Marokok onartua, urratzen du.
SALATZEN DU Marokoko Gobernuak Mendebaldeko Saharan baliabide naturalez egindako espoliazioa, nahiz eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak horren inguruko epaiak eman dituen, eta inguru horretan diharduten enpresei nazioarteko zuzenbidea eta Saharako herritarren eskubideak errespetatzeko exijitzen diegu. Interesdunei (enpresei eta herrialdeei) Saharako Herriaren ordezkari legitimoekin (Fronte Polisarioa) negoziazioak hasteko eskatzen diegu.
ESKATZEN DIE Nazio Batuei Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide justu eta behin betikoa luzamendu gehiagorik gabe susta dezatela. Konponbide hori gauzatzeko, Saharako Herriaren autodeterminazio-eskubidea gauzatu behar da erreferendum bidez. Eta, halaber, NBEren Genevako Giza Eskubideen Kontseiluari eskatzen diogu Mendebaldeko Sahararako Giza Eskubideen errelatore bat izenda dezala.
BERRIRO ESKATZEN DU, Mendebaldeko Saharan bizi den egoera larria ikusita, MINURSOk Mendebaldeko Saharan dituen funtzioak eta zereginak zabaldu behar dituela. Horregatik, Nazio Batuei ESKATZEN DIE Misioari ahalmena eman diezaiola Marokok okupatutako lurraldeetan sahararren giza eskubideak zaintzeko eta babesteko.
EXIJITZEN DIO Europar Batasunari bete dezala Marokoko Erresumarekin adostutako Lehentasunezko Akordioan ezarritako giza eskubideak errespetatzeko klausula. Saharako Emakumeen Batasun Nazionalarekin (UNMS) dugun lankidetza politikoa INDARTZEN DU, errefuxiatuen kanpamentuetan duten funtsezko eginkizun erabakigarriagatik. Eta, aldi berean, emakume horien ikusezintasun-egoerari buruzko deia egiten dugu, giza eskubideen urraketaren biktima izan diren eta Marokok okupatutako lurraldeetan desagertutako emakumeei aipamen berezia eginez. ESKATZEN DIE Euskal erakunde publikoei jarrai dezatela ematen eta areagotu dezatela laguntza solidario eta humanitarioa, bai Tindufeko kanpamentuetan errefuxiatutako biztanleei, bai lurralde okupatuetako sahararrei.
Espainiako Estatuak Mendebaldeko Saharako egoerarekin duen erantzukizun legal eta politikoaz jabetuta, Espainiako Gobernuari dei egiten dio hauetarako:
1.- Madrilgo Akordioak erabat deusez DEKLARATU DITZALA, eta deklarazio horrekin bat etorriz, Saharako Herriak autodeterminaziorako duen eskubide legitimoa defendatzeko beharrezkoak diren ekimen politiko guztiak susta ditzala.
Espainiako Estatuak ofizialki aitortzen du Madrilgo Akordioak, 1975eko azaroaren 14an sinatuak, ez zuela transferitu lurraldearen gaineko subiranotasuna, eta sinatzaileetako bakar bati ere ez ziola eman herrialde administratzailearen izaera; Espainiak, berez, ezin du alde bakarretik transferitu izaera hori. Beraz, ez du eraginik izango Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeko zain dagoen lurralde ez-autonomo gisa duen nazioarteko izaeran.2.- Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkaritzari estatus diplomatikoa EMATEKO, Saharar Herriaren ordezkari bakarra eta legitimoa den aldetik, NBEk horrela onartuta. Halaber, RASD aitor dezala.
3.- Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako egoera humanitario larria dela-eta, lankidetza eta laguntza humanitarioa areagotu dezala, bai errefuxiatuen kanpamentuetan, bai lurralde liberatuetan, kezkaz ikusten baita Espainiako Lankidetza Agentziak azken urteotan egindako ekarpenak murriztu izana. Era berean, Mendebaldeko Sahararentzako Europako funtsak gehitu behar direla azpimarratu behar da.
4.- DEKLARA DEZALA enpresa publiko eta pribatuek nahitaez errespetatu eta aplikatu behar dituztela Mendebaldeko Saharako lurraldean, itsasoan eta lehorrean baliabide naturalak esploratzeko eta ustiatzeko oinarria ezartzen duten EBko Justizia Auzitegiaren epaiak; esplorazio eta ustiaketa hori Saharar Herriarekin adostu behar dira.
5.- EXIJI DIEZAIOLA Marokoko Erresumari Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan giza eskubideak zorrotz errespetatzea eta sahararrek jasaten dituzten eskubide-urraketak etetea. Eta, halaber, eskatzen diogu aktiboki lan egin dezala, Nazio Batuen eta Europar Batasunaren barruan, MINURSOk bere eginkizunak Mendebaldeko Saharan giza eskubideak betetzen direla zaintzera eta babestera ere zabal ditzan.
Azkenik, euskal gizartearen zereginari dagokionez, Irungo Udalak honako hau adierazi nahi du:
ESKERRAK eman nahi dizkie Saharar Herriarekiko adiskidetasunak elkartuta egunez egun lan egiten duten elkarte eta kolektibo solidario eta sozialei, horien helburu bakarra Saharako herri anaiarentzat etorkizun aske bat lortzea baita.AITORTZEN DU haurrei bideratutako “oporrak bakean” harrera-programaren funtsezko garrantzia, Saharako eta Euskal Herriko familien arteko elkartasunaren eta maitasun- eta hurbiltasun-harremanen adierazle nagusia.