Puzzlea osatu du Patxuko Nice taldeak
Pop, reggae eta funk doinuak oinarri ditu 'Quim-en marrazkia' taldearen azken lanak; musikari ugariren kolaborazioa jaso du proiektuak.
Patxuko Nice taldearen Quim-en marrazkia musika proiektu berria aurkeztu dute gaur goizean Sergio Ordoñez abeslariak, Jon Mari Beasain gitarra joleak, Quim Moya marrazkilariak eta Ritxi Aizpuru Baga Biga ekoiztetxeko ordezkariak. Azken lanak pop, reggae eta funk doinu ezberdinak nahasten dituela nabarmendu du abeslariak, horri guztiari chorus efektua gehituta, Itoizen antzeko soinua lortzera eraman dituela bat egin dute Ordoñezek, Beasainek eta Aizpuruk. Azken honen hitzetan «Ekairen oso gustukoa da, Itoiz taldeko gitarra jotzailea».
Zortzi abestik osatzen dute Quim-en marrazkia lana; zazpi berriak direla azaldu du Ordoñezek, eta zortzigarrena Irungo Harrera Sarearentzat «bertan dagoen arazoaren harira» egindakoa da. Proiektuak gainera, kolaborazio ugari jaso ditu, hala nola: Oskar Benas, Ernesto Villar, Raul Artieda, Txus Aranburu, Oihana Rodriguez…
Zazpi urteko ibilbidearen ondoren argitaratu du taldeak laugarren lana. Orain arteko azalekin puzzle bat egiten joan dira, eta azken honekin osatu dute marrazkia. Moya da horren egilea, eta diskoaren izenburuarekin omendu nahi izan dute taldekideek orain dela hamalau bat urte margotutako paper zatia.
Azaldutakoaren arabera, Lleidan (Herrialde Katalanak) zegoen Ordoñez beste musika proiektu batean murgilduta Moyak marrazkia egin zuenean. Etxera eraman zuen abeslariak marrazkia Patxuko Nice proiektuarekin hasi zen arte. Lehen diskoaren azala koadrotik hartutako zati bat zen, eta horrela egin zuten ondorengo proiektuetan ere. «Gaur hemen dago, azkenean, bukatuta».
Kontent agertu da Moya haren lanari egindako aitortzarekin, eta onartu duenez, denborarekin bere ogibide bihurtu da marraztea. Areago, munduan zehar biraka dabil musika eta dantza talde ezberdinekin, haiek emanaldiak eskaini bitartean marrazkiak egiten.
Erratzun (Nafarroa) estreinatuko du Patxuko Nicek bere azken lana, eta ondoren, Bilbo, Donostia, Itziar, Zaragoza (Espainia), Iruñea… bisitatuko dituzte. Etxean ere kontzertua emango dutela aurreratu dute, Hondarribian, nahiz eta momentuz, data zehaztea falta den.