Udal gobernuak Egiluz jauregiaren egoeragatik «kezka» agertu du
Azkenaldian sortutako berrien harira tokiko gobernuak bere posizioa argitzeko komunikatua argitaratu du. Gazteekin «hausnarketa bateratua» egiteko prest dagoela adierazi du.
Hondarribiko Udal Gobernu Taldeak Egiluz jauregiaren inguruan sortutako informazio ezberdinak direla eta, haren posizioa argi utzi nahi izan du gaur komunikabideetara bidaliko ohar baten bidez. Eraikinak segurtasuna bermatzeko izan ditzakeen arazoak direla-eta «kezka» agertu du tokiko gobernuak, eta kezka hori bi aldeei helarazi diela zehaztu du. Egoera ikusita, EAJren gobernuak ez du uste lokalaren erabilera ahalbidetzea edo udalak berak eraikina erostea edo alokatzea «egokia denik». Edozein modutan bitartekari lanak egiteko bere burua eskaini du tokiko gobernuak.
Bestalde, gazteekin «hausnarketa bateratua» egiteko prest agertu da udal gobernua, «jarduerak garatzeko dagoen udal instalazioen beharrari buruz». Hala eta guztiz ere, oharrean adierazitakoaren arabera, Psilocybenea, Kultur Etxea, Zuloaga Etxea… erabiltzeko aukera eskaini zaie gazteei, baita «hausnarketa bateratuaren ondorioa beste udal lokal batzuk bilatzea bada», horretarako prest dagoela adierazten du, «bere garaian Puntaleko lokaletan Gazte-Xaia proiektuarekin egin zuen bezala».