Indusketa lanetara sartzea debekatu diete Abotsanitzeko bi kideri
Fusilatutako bost milizianoren bila ari da Aranzadi Guadalupeko gotorlekuan, eta sartzeko baimena izan arren, debekua alkatearen eskariz datorrela salatu du udal taldeak.
Aranzadi zientzia elkarteko bi kide indusketa lanak egiten ari dira Guadalupeko gotorlekuaren barruan. Faxistek eraildako bost milizianoren bila ari dira atzo Abotsanitzek zabaldu zuenez, eta udal gobernuaren isiltasunaren aurrean, udal alderdiak eman zuen zuzeneko kontakizunaren berri taldearen Twitter kontuaren bidez. Horretarako baimena jasoa zuten alderdiko zinegotzi batek eta prentsa arduradunak, nahiz eta eguna amaitzerako, gotorlekuko atea irekitzeko eta ixteko ardura duen pertsonak biharamunean ezingo zutela sartu adierazi zioten Aitzol Arroyo alderdiko ordezkariari.
Udal taldeak erabaki politikotzat jo du indusketara sartzeko ukazioa, eta salatu duenez, «alkateak hala agindu» zuela esan zien gotorlekuaren arduradunak. Areago, udal arkeologoak jakinarazi die «alkatearen erabakia» zela, eta «berak ezin zuela ezer egin, erabaki politikoa zelako. Arroyok azalpenak eskatu dizkio alkateari telefonoz, eta debekuaren arrazoiak segurtasun arlokoak zirela erantzun du Sagarzazuk».
Indusketen gaineko informazioa «ezkutatu» nahi izana leporatu dio Abotsanitzek EAJren Udal Gobernuari. Hori «akatsa» dela iritzi dio taldeak, «memoria historikoa egiten ari gara eta gizarteak parte aktibo izan behar du. Eta horren froga dira Aranzadik burutzen dituen indusketa prozesu guztiak, gizarteari irekiak eta erabat gardenak baitira».
Tokiko gobernuaren jarrera «ulertezina» dela dio halaber herri batzarrak, «ez herritarrei, ezta komunikabideei ere, ez zaie bost milizianoren gorpuen bilaketa lanen berri eman, udalbatzak aho batez onartu eta diru publikoz finantzatutako lanak diren arren».
Segurtasuna bera debekuaren argudio nagusi gisa erabili izana ere kolokan jarri du Abotsanitzek, eta «aitzakia» besterik ez dela aipatu du. Izan ere, «nola liteke igandero bisitari anonimoek gotorlekua ezagutu ahal izatea, eta udal ordezkari batek ez lortzea horretarako baimena?».