Bigarren postua eta 13 domina irundarrentzat
Asteburu oparoa izan dute Santiagotarrak-Zaisa taldeko kirolariek. Euskadiko Kopan domina sorta zabala lortu dute.
Santiagotarrak-Zaisa Kirol Elkarteko kideek Euskadiko Eslaloneko Kopako hirugarren saioan parte hartu zuten aurreko asteburuan, Bidasoa ibaian egin zen lehian. Taldeko sailkapenean bigarren izan ziren talde irundarreko ordezkariak. Bakarkako lanean, emaitza ederrak: 13 domina denera, horietatik lau urrezko, hiru zilarrezko eta brontzezko sei.
Urrezko dominak lortu zituztenak Hasier Rogriguez (K1 senior), Javier Arruabarrena (K1 kadete) eta Oier Rodriguez, K1 zein C1 junior kategorietan izan ziren. Zilarrezko dominak, berriz, Izar Garciarentzat (C1 junior) eta Haritz Azanzarentzat (K1 eta C1 junior) izan ziren.
Hirugarren postua Mikel Altunak eta Edurne Gomezek lortu zuten K1 seniorretan. Talde irundarreko kanoistak diren Mikel Ormazabalek (senior), Javier Arruabarrenak (kadete) eta Maialen Olasok (kadete) ere lortu zituzten brontzezko dominak.
Australian, finaletik kanpo
Ander Elosegi, Klara eta Telmo Olazabalek ez dute asteburu hain oparoa izan Australian. Izan ere, Australiako Eslalomeko Openean aritu ziren pasa den asteburuan. Bada, hiruek ez zuten finalera heltzeko aukerarik izan. Izan ere, Elosegi eta Klara Olazabalek hamabigarren eta hogeita seigarren sailkatu ziren. Telmo Olazabal berriz, ez zen sailkapen probetatik pasa. Hurrengo txapelketa Espainiako bigarren Kopa izango da, Pabeko kanalean. Proba honek nazioarteko txapelketetan parte hartzeko txartela ahalbidetu diezaieke irundar kirolariei.