Eskolarteko xake txapelketan izena eman daiteke dagoeneko
2020. urteko kimu eta infantil mailako Gipuzkoako txapelketarako sailkatuko dira irabazleak; benjaminei eta gazteagoei zuzendutako xake jaialdia ere antolatu du Marlaxkak.
Marlaxka xake klubak 2020. urteko kimu eta infantil mailako eskolarteko txapelketan izena emateko aukera zabaldu du dagoeneko. Gipuzkoako lehiaketarako sailkatuko dira modu honetan irabazleak. Horrez gain, benjamin eta gazteagoak diren ikasleei zuzendutako xake jaialdia ere antolatu du Marlaxkak.
Parte hartzeko interesa duten ikasleek eskola kirolean izena emanda edukitzea ezinbesteko baldintza dela ohartarazi dute antolatzaileek. Martxoaren 6an finkatu dute lehiarako hitzordua Kasino Zaharrean, 18:00etan hasita. Sari banaketa 20:20 inguruan egitea aurreikusi dute. Haur kopurua gaindituko balitz Jostaldi pilotalekura lekualdatuko dute txapelketa.
Xake festari dagokionez, 2010etik aurrera jaiotako haurrek parte har dezaketela adierazi dute. 70 jokalarientzako lekua egongo da denera, eta izena emate ordena jarraituko dute. Izena emateko interesa duten lagunek ondoko posta elektronikoaren bidez egin dezakete.