Trafiko aldaketa berriak Arrokako biribilgunearen inguruan
Ostiralean biribilgunea guztiz irekiko duten arren, «zenbait aldaketa» izango dira, hala nola, ez da Baserritar etorbiderantz sarbiderik egongo.
Uholdeen prebentziorako Jaizkibel mendiaren ekialdeko ezpondan Txingudiko Zerbitzuak aurrera eramaten ari den lanen ondorioz, hainbat trafiko aldaketa ematen ari dira azkenaldian Arrokako biribilgunearen inguruan. Ostiralean biribilgunea irekiko dutela jakinarazi du Hondarribiko Udaleko Juan Mari Altuna Udaltzaingoa arloko zinegotziak.
Biribilgunea ireki arren, Baserritar etorbidera jotzeko irteera itxita egongo da. Beraz, beheranzko noranzkoan lotuta egongo da Baserritar etorbidea Arrokako biribilgunearekin. Altunaren arabera, Higer Bidetik jaisten direnek ezingo dute eskuinera egin, aurrera egin beharko dute Foru kalera, eta ondoren, Donostia kaletik igo Mendebaldeko saihesbidea hartzeko. Ramon Iribarren kaletik etorrita, eskuineko Higer Bideko irteera itxita egongo da eta biribilguneraino joan beharko dira gora jotzeko.