«Erabateko kontrol eza» salatu du Abotsanitzek Zaldunbordan
Alderdiak zabaldu duenez, Zaldunbordako errepidea itxi ondoren bide alternatiboa «ez dela segurua» erabaki du udal arkitektoak bizilagun baten salaketa medio.
Zaldunbordako errepidea itxi eta bi hilabetera udal arkitektoak bide alternatiboa «ez dela segurua» ohartarazi duela jakinarazi du Abotsanitzen Udal Taldeak. Bizilagun batek aurkeztutako kexa baten ondorioz erabaki zuten udal teknikariek bidea ikuskatzera joatea. Eta egoera ikusita, Higertoki bide alternatiboa egokitzera behartu dute errepidea itxi eta «lurzoru kutsatuaren zigilatze lanak» burutu aurretik. «Erabateko kontrol eza» leporatu dio alderdiak tokiko gobernuari.
Zabaldutako informazioaren arabera, abenduaren 19an jaso zuen Higertokik errepidea ixteko baimena, eta enpresak berak proposatutako bidea onartu zen «udal arkitektoaren onespenarekin». Handik egun batzuetara ordea, bizilagun batek idatzi bat aurkeztu zuela dio Abotsanitzek, errepidea «egoera oso txarrean» zegoela ohartaraziz.
«Anbulantzia edota suhiltzaileentzat ez ezik, auzotarrentzat ere oso bide arriskutsua da», iritzi dio udal taldeak, eta areago jo du galderetan: «Nola liteke bide hori ontzat ematea? Ez al zen bisita teknikorik egin baimena eman aurretik?». Hori horrela, lanen gaineko «aurreikuspen eta kontrol falta» egotzi dizkio alderdiak udal gobernuari.