Santiagotarrak, piraguismoko neguko txapeldun
Santiagotarrak Kirol Elkarteko piraguistek lan bikaina egin zuten Zumaian, Gipuzkoako Piraguismoko Neguko Txapelketaren barruan.
Santiagotarrak Kirol Elkarteko piraguistak bikain aritu ziren hilaren 22an (larunbatean) Zumaian egin zen Piraguismoko Gipuzkoako Neguko Txapelketan. Taldeka lehenak izan ziren, eta bakarka bost garaipen eta hamabi domina lortu zituzten. Taldeko 28 kirolari izan ziren han.
Taldekakoan nabarmen gailendu ziren irundarrak. 2.402 puntu lortu zituzten, bigarren izan zen Zumaiko Itsas Adar Piraguismo Taldearen (1.328 puntu) eta hirugarren gelditu zen Pasaia Kayak-en (1.081 puntu) aurretik.
Bakarka, bost urrezko domina. Honakoak: Jon Morenorena 23 urtez azpikoen lehian (Beñat Arsuaga bigarren izan zen; Aimar Amundarain laugarren; eta Igor Nieto bosgarren); Aitor Zabalarena kanoen lehian; Alex Anatolena Gazte Mailan (Unai Amostegi eta Ander Zabaleta bigarren eta hirugarren izan ziren); Eider Amundarainena Gazte Mailan (Uxue Arsuaga bigarren izan zen); eta Aimar Platerorena kadeteetan, taldekide diren Ian Anatol, Martin Miranda eta Rubern de la Fuente segidan izan zituela (Mikel Larrarte eta Ekaitz Aizpiolea bosgarren eta seigarren izan ziren).
Beste emaitzen artean, nabarmentzekoa da Intza Mendez bigarren izan zela Senior Mailan, Irati Osaren aurretik. Lau neska kadeteak podiumetik hurbil izan ziren, Ane Amostegi, Ainhoa Elortegi, Haizea Aranburu eta Naroa Larrarte.