Iruzurrean ari dira, etxez etxe, Irunen
Iruzur saiakera Iberdrolaren izenean egiten ari dira. Ustezko bi komertzial etxez etxe bisitak egiten ari dira. Adi egoteko eskatu diete irundarrei.
Irungo Udaltzaingoak jakinarazi du iruzur egin nahian ari direla etxez etxe dabiltzan komertzial batzuk. Kasu baten berri jaso dute, ostiralekoa, eta oharra bidali dute hedabideetara irundarrak adi egon daitezen. Kasu horren arabera, Iberdrolako ustezko komertzialak dira etxez etxe dabiltzanak, zerbitzuak eskainiz herritarrei. Bi pertsona ari dira etxeetara joaten, eta ikerketen arabera, horietako baten identitatea gutxienez faltsua da.
Udaltzaingotik eta Udaleko Kontsumitzaileen Bulegotik zehaztu dutenez, etxez etxeko gaseko edo elektrizitateko zerbitzu salmentak egiteko, aldez aurretik hitzorduak eskatu behar dute bezeroek enpresekin, komertzialak ezin dira zuzenean joan balizko bezeroengana zerbitzuen salmenta egitera hitzordurik ezarri gabe. Hala, horrelako kasu gehiago baleude, horiek udaltzainei jakinarazteko eskatu dute.