Amute Kosta Auzolagunak eta HKT La3 nagusitu dira inauterietako sari banaketan
Inauterien harira antolatutako lehiaketen emaitzen berri eman zuen atzo Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak udaletxean egindako ekitaldian.
Amaitu dira 2020ko inauteriak, eta atzo iluntzean udaletxean egindako sari banaketa da bukaera horren adierazle nagusia. Juan Luis Silanes Kalixa Kultura zinegotziak lehiaketa ezberdinetan parte hartu duten herritarrei eskerrak emateaz gain, egindako lanarengatik zoriondu zituen. Lehiakideen ordezkaritza zabal batek bete zuen udaletxeko areto nagusia.
Ondokoa da 2020ko inauterien podioa:
- Karroza lehiaketa: HKT La3 taldeak lehen saria eskuratu zuen, Carlos Zapirain dantza eskolak bigarrena, eta Girotzen kultur elkarteak hirugarrena.
- D taldeko konpartsa lehiaketa: Lehen saria Amute Kosta Auzolagunak-entzat izan da, bigarrena Pilar Peña dantza taldearentzat, eta hirugarrena Kukirentzat.
- C taldeko konpartsa lehiaketa: Sei eta hamabost lagun arteko taldeek osatzen dute kategoria eta Mendialde suertatu da garaile.
- B konpartsa lehiaketa: Bi eta bost lagun arteko taldeen kategorian Suka eta Gloka bikotea gailendu da.
- A konpartsa lehiaketa: Bakarka parte hartzen duten lagunek osatzen dute eta Guillermo Sodupek irabazi du.
- Hondarribikoa ez den konpartsa onena: Irungo Santiagoko Deabruak elkartearentzat izan da.