13,83 milioi euroko inbertsioa aurten, Oarso Bidasoko industrialdeetan
Bidasoa Oarsoko Industrialdeak SAk jakinarazi du, Irunen bi inbertsio egingo dituztela, eta Lezon beste bat (15.000 metro koadroko lursaila erosteko).
Bidasoa Oarsoko Industrialdeak erakunde arteko elkarte anonimoak zehaztu duenez, aurten 13,82 milioi euroko inbertsioak egingo ditu. Bi egitasmo zehatz bideratu ditu Irunerako, eta Oarsoalderako ere baditu asmoak, baina zehaztu gabeak oraindik. Sprilur-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Irungo nahiz Oarsoaldeko udalek dute partaidetza Bidasoa Oarsoko Industrialdeak SAn.
Irunen egingo diren inbertsioen artean, Hiframasa enpresa zegoen orubea egokitzeko eta bertan bi pabiloi egiteko izango da bat, 5,89 milioiko aurrekontuarekin. 2016an itxi zuten Hiframasa. Hala, ordutik eremua utzita zegoen, eta orubea egokitu eta bertan bi pabiloi egitea (zaharra botaz) aurreikusi dute. Pabiloi bakoitza bi solairukoa izango da, eta pisu bakoitzak 3.000 metro koadroko azalera izango du. 2020ko bigarren hiruhilekoan dira hastekoak lan horiekin.
Irunen egin nahi den bigarren inbertsioa Cycobask enpresa zegoen oruberako da. Bertan dagoen pabiloi zaharra botako dute, zonaldea egokituko dute, eta pabiloi berriak egingo dituzte gutxi gorabehera 820 metro koadrokoak (egokitzeko aukera dago, enpresen eskaeraren arabera). 5,53 milioiko inbertsioa egingo dute bertan, eta urteko azken hiruhilekoan hasi nahiko lukete lanekin.
Azkenik, guztiz zehaztuta ez badago ere, Bidasoa Oarsoko Industrialdeak-en asmoa da Lezon 2,40 milioiko inbertsioa egitea, 15.000 metro koadroko lursail bat erosiz, ondoren industria sustapen berri bat egiteko. Erakundeak adierazi du azken hori “eskualdeko beste proiektu batzuren garapen eta bilakaeraren menpe” dagoela.
Iaz, Bidasoa Oarsoko Industrialdeak SAk 4,77 milioiko inbertsioak egin zituen, 2,68 milioiko negozio zifra lortuz. Bulegoetan 775 metro koadro esleitu zituen, eta 3.147 pabiloietan. Salmentei dagokienez, lurzoru industrialerako 4.947 metro koadro saldu zituen.
Bidasoa Oarsoaldeko Industrialdea SAk hamar enpresa gune sustatzen eta kudeatzen ditu bi eskualdeetan, eta Industrialdeak programaren barruan dago. Bertako arduradunek adierazi dute Gipuzkoan espazio eskaera eta enpresa jarduera indize onenak dituena dela, “mugatik hurbil dagoelako eta Europa hegoaldeko itinerantzia logistikoaren gune garrantzitsua delako”.
Jarraian, erakundeak kudeatzen dituen industriaguneen koadroa, haien datuekin.