Politika arrazistekin amaitzea exijituko dute larunbatean Santiago zubian
Elkarretaratzea egingo dute larunbatean, 'Inor ez da ilegala' lelopean. Azkenaldian Irun eta Hendaia bitartean migratzaileek pairatutako giza eskubideen urraketak salatuko dituzte.
Datorren larunbatean (hilak 22), 14:00etan, mobilizazioa egingo dute Irungo Santiago zubian. Mugaren bi aldeetako zenbait eragilek herritarrak mobilizatzera deitu dituzte, azken asteetan mugetan emandako neurriak salatzeko. Deitzaileen artean, besteak beste, Irungo Harrera Sarea, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta SOS Arrazakeria elkarteak daude.
Irun eta Hendaiaren arteko muga Europa barnean dagoela gogoratu dute mobilizazioaren antolatzaileek. Horren ondorioz, poliziak ezin du jendea identifikatu eta gelditu, baina egoera zeharo ezberdina dela salatu dute. «Ezin da kontrol arrazistarik egin, jendea ilegalki kanporatu, ezin zaie adin txikikoei babesa ukatu… Aldiz, hori guztia egiten dute», diote amorruz.
Egunero migratzaileen eskubideak urratzen direla diote, eta duela bi aste gertatutakoa gogoratu dute. Biriatuko ordainsarian polizia frantsesak, espainiarra ere bertan zegoelarik, kamara termikoa duen dron batekin aritu zirela salatu dute, identifikazioak egiteko. Bizitzen gainetik etenik ekonomikoa eta mugen kontrola jartzea leporatu diete Frantzia eta Espainiako estatuei.
Horregatik guztiagatik, migranteei harrera emateko prest diren lagun eta erakundeak batuko dira larunbatean, erakundeei politika arrazistak bertan behera utzi ditzatela exijitzeko. «Mugaren bi aldeetan lanean, euren errefusaren aurrean, guk, behar dutenei ateak ireki nahi dizkiegulako. Ez dugu beldurrean eta gorrotoan oinarrituriko jendartea nahi. Gauzak egiteko beste moldeak badirela uste dugu eta horren bidetik jarraituko dugu. Hain mugen gainetik guk zubiak eraikitzen ditugu», diote antolatzaileek.