Lantzeko Inauteria plazaratuko du Kemen Dantza Taldeak aurten
Urteroko ohiturekin jarraituz, Euskal Herriko herri inauteri bat irudikatuko dute dantzariek larunbatean (hilak 22). Aurten Lantzeko Inauteria ekarriko dute.
Urteroko ohiturekin jarraituz, Euskal Herriko herri inauteri bat plazaratuko du larunbatean (hilak 22) Kemen Dantza Taldeak Irunen. Zehazki, Nafarroako Lantz inauteriaren txanda izango da aurten. Alde batetik, Lantzeko Inauterietan egiten den antzerkia eskainiko dute. Horretarako, Miel Otxin, Txatxoak, Ziripot, Zaldikoa eta Perratzaileak ariko dira. Pio XII plazan hasiko dute larunbatekoa, 11:30tatik aurrera.
Taldeko dantzariekin batera musikariak eta Adaxka harrobiko gazteak ibiliko dira, 200 partaide inguruko konpartsa osatuko dute. 12:00etan lehen dantzak eskainiko dituzte, eta ondoren, Serapio Mujika, Juan Arana, Gipuzkoa etorbidea, Zabaltza plaza, Kolon pasealekua, Foru kalea eta Kale Nagusia zeharkatuko dituzte, konpartsa San Juan plazan amaitzeko.
Igandean berriz, Olaberria auzora eramango du Kemenek festa. Izan ere, auzoko baserri eta etxeak bisitatuko dituzte, puska biltze klasikoan. Baserrietako atariak garbitu, etxekoentzako erromeriak antolatu eta puskak bilduko dituzte.