Hilaren 27an bozkatuko du udalbatzak I. Berdintasun Plana
2020-2023 urteetarako proposamena da, eta ehun ekintza aurreikusten ditu denera, urtero hogeita bost bat. Hedapena eta formazioa nagusituko dira hastapenean.
Txomin Sagarzazu alkateak eta Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasun zinegotziak Hondarribiko I. Berdintasun Planaren proposamena aurkeztu dute gaur goizean komunikabideen aurrean egindako agerraldian. «2019. urtean zehar egindako lanketa sakon» baten emaitza dela proposamena adierazi du Sagarzazuk, eta «diagnostiko eta ekintza planaren proposamena» jasota daude bertan. 2020-2023 urteetarako plana da, eta ehun ekintza inguru biltzen ditu, «urtero hogeita bost bat» aplikatzekoak lirateke Larrarteren arabera. Hedapena eta pertsonalaren formazioan jarriko dute indarra lehen urtean. Hondarribiko Udalbatzak hilaren 27ko osoko bilkuran bozkatuko du gobernu taldearen genero berdintasunerako plana.
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren inguruan Emakundek ezarritako irizpideak aintzat hartu direla plana idazterakoan esplikatu du Larrartek, eta horien artean daudela, besteak beste: instituzioen barruko funtzionamenduaren hobekuntza; emakumeen ahalduntzearen sustapena; ekonomia eta gizarte egituraren eraldaketa; eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak bermatzea.
Ildo horretan plana «gizonei zein emakumeei» dagokiela zehaztu du zinegotziak, «biei eragiten die, ez da soilik emakumeei lotutako arazoetara murrizten». Hala, plana Hondarribiko «errealitate zehatzerako» pentsatuta egoteaz gain, «herriaren aukeretara» egokitua dagoela iritzi dio.
Lehen urratsak
Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuetako arduradunak lehen urterako aurreikusitako ekintzen berri eman du gaurko agerraldian. Hiru ataletan banatuta daude ekintza horiek, eta lehenak Gobernu Ona izenpekoarekin zerikusia duela zehaztu du hautetsiak. Horren arabera daude, planaren hedapenaz gain, berdintasunerako diru sail espezifikoa bideratzea —94.000 eurokoa aurten—, ekintzen gaineko hausnarketa, formazioa eta sentsibilitatea bultzatzea.
Bigarren atalak emakumeen ahalduntzeari erreferentzia egiten dio, eta Larrartek zehaztutako lan ildoen artean nabarmendu zituen: emakumeen lana eta ekarpenak balioan jartzeko ikerketarako diru laguntzak ematea; elkarteek egindako ahalduntze ekintzak identifikatzea; edota elkarteek jasotzen dituzten diru laguntzetan emakumeen presentzia indartzea eta horretarako klausulak ezartzea.
Azkenik, indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidearen inguruan mintzatu da arduraduna, eta hizpide izandakoen artean ondokoak nabarmendu ditu: «Sortu berri dugun komunikazio protokoloa martxan jarri eta eguneratzen joan; jaietako indarkeriarik gabeko gunea bultzatu; ikastetxeetan Beldur Barik programarekin aurrera jarraitu».
Alardea zailtasunen artean
Eusko Jaurlaritzak zazpigarren berdintasun plana aurkeztu duen bitartean, Hondarribiak lehenengoa proposatu du. «Umiltasunez» egin du alderaketa alkateak, «batetik lehena delako, eta bestetik, azalpen bat ematea beharrezkoa dela uste dugulako». Esandakoaren arabera, berdintasunaren gainean hitz egiten hasi eta «berehala sortzen zen alardearen gaia, hor izan diren gorabehera eta ikuspuntuekin, horrelako lanketa bati eragin dio. Zaila izan da, baina iruditzen zaigu momentua dela».
Hala, zailtasunak ez direla iazko lanketan eman onartu du Sagarzazuk, «egoera orain dela bi urte eta oraintxe bertan ez baita berdina». Aurreko urteetan sortu ziren gehienbat oztopoak. Udal taldeek elkarrizketaren alde egindako apustuak adostasuna ekarri duela iritzi dio, baita «oinarri» bat jarri ere. Hori dela eta, alardearen gatazka gainditzeko elkarrizketa sustatzearen alde egiten du planak.
Sagarzazuk onartu du, halaber, proposamena udal gobernuaren ikuspegitik egina dagoela. Datorren ostegunera arte itxoin beharko dute hondarribiarrek I. Berdintasun Plana ote duten jakiteko, egun horretan eztabaidatuko baitu udalbatzak.
Departamenturik eta teknikaririk ez, momentuz
Berdintasun departamentua eratzea eta berdintasun teknikaria kontratatzeko lan eskaintza argitaratzea aurreikusten ote duen galdetuta, Txomin Sagarzazuk ez die erantzun argirik eman kazetariei. Momentuz, agintariak adierazi duenez, «hilaren 27an nahi duguna da plana onartzea eta martxan jartzea. Ezin dugu teknikari bat egon arte itxoin».
Hala, dinamizazioa Berdintasun zinegotziaren eta aholkularitza zerbitzu baten bitartez indartuko dute, eta departamentuak, bidea egin ahala «beharrak» identifikatuko dituztela argudiatu du. «Argi dago lau urterako planteamendua egiten ari garen neurrian pisu handiagoa hartu behar duela».