Azken Portu eta Behobia arteko 47 zuhaitz moztuko ditu udalak
Bizilagun batzuek egin dute zuhaitzak kentzeko eskaera, haize bolada handiekin zuhaitzak haien etxeetara erortzeko arriskuaren aurrean.
Antxeta Irratiak jakinarazi duenez, Irungo Udalak Azken Portu eta Behobia artean dauden 47 zuhaitz mozteko erabakia hartu du. Juan Thalamas Labandibar kalearen gainean aurki daitezke zuhaitzak.
Abenduko haize boladen ondorioz zuhaitz hauetako bat errepidera erori zen, eta inguruko bizilagunen eskaerari erantzunez, udalak lur ezpondaren azterketa egin du. 50 urte daramate bertan zuhaitzek, eta 15 metro inguruko altuera dute. Casas Barco delako eraikinetako bizilagun batzuek egin dute zuhaitzak kentzeko eskaera, haize bolada handiekin zuhaitzak haien etxeetara erortzeko arriskuaren aurrean.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena jasotzean hasiko dira 47 zuhaitzak mozten, eta tamaina txikiagokoak landatzea aurreikusi du udalak.