Saharako errefuxiatuentzako hemezortzi tona bildu ditu Tadamunek Bidasoan
Tindoufeko kanpalekuetan egoera larrian bizi diren errefuxiatuentzako laguntza da bildutakoa, tartean, oinarrizko elikagaiak eta konpresak.
Saharako Tindoufeko kanpalekuetako errefuxiatuei laguntza emateko 18 tona elikagai eta konpresa bildu ditu Tadamun elkarteak Irunen eta Hondarribian. Guztira 25 palet pasta, arroz, lekale, azukre, atun, sardina olioan eta konpresa bidaliko dituzte kanpalekuetara. Hondarribiko Udalak 900 kilo azukre ere bideratu ditu.
Tadamun elkartetik aurtengo kanpainaren balorazio «positiboa» egin dute iazko laguntza kopuruak errepikatu baitira. Ia 80 boluntariok parte hartu dute larrialdi laguntzarako bilketan, baita eskualdeko ikastetxeek eta merkatalguneek ere». Karabana solidarioa Donostiatik abiatuko da hilaren 29an.