Mugi txartelaren erabiltzaileek zentimo bat gehiago ordaindu beharko dute
Mugi txartelaren prezioak apirilaren 6an eguneratuko dira, bidaiak zentimo batean garestituko dira. Ohiko txartelaren prezioa, berriz, 5 zentimo gora.
Apirilaren 6an pixka bat garestiagoa izango da Mugi txartela erabiliz garraio publikoko bidaiak egitea. Zentimo bat garestituko dira zonalde aldaketarik gabeko bidaiak. Hau da: hilabeteko lehen bidaiatik 20.era arte 0,96 euroko prezioa izango dute bidaiek; 21etik 50era artekoek, 0,78 euroko kostua. Hilean 50 bidaia baino gehiago egiten badira (zonalde baten barrukoak), horien prezioa 0,19 eurokoa izango da. Mugi ez dutenek, bidaia bakoitzeko bost zentimo gehiago ordaindu beharko dituzte. Egun, Mugiren barruan EuskoTrenen, Renferen, Ekialdebusen, Irungo autobus publikoen, Xorrolaren (Oiartzun), eta Errenteriako Urbanoaren zerbitzuak daude Oarso Bidasoan.
Oarso Bidasoan tarifen zonaldean jauzi bat dago. Hau da, adibidez, Pasaiatik Irunera joan nahi dutenek (edo alderantziz), jauzi horrek dakarren gainkostua ordaindu behar dute. Beraz, bidaia horietako bakoitzaren prezioa lehen hogei erabileretan 1,43 eurokoa izango da; 21-50 bidaien artekoa 1,16 eurokoa; eta 50etik gora egiten badira 0,28 eurokoa da bidaia bakoitzaren prezioa.
Gazteek, adinekoek, elbarritasunak dituztenek, eta familia ugariek hainbat onura dituzte.