Henry Gray hil da, 2016ko Hondarribia Blues sariduna
Henry Gray pianistak 2016ko Hondarribia Blues saria jaso zuen, 91 urte zituenean. Mitoa zen bluesaren munduan, bide luze eta emankorrekoa.
91 urte zituela izan zen Hondarribia Blues Festival musika jaialdian Henry Gray piano jotzailea. 2016ko uztailaren 16an izan zen, larunbata. Bentako eszenatoki nagusia bere egin zuen, bere bandarekin batera, txapela buruan zuela kontzertu handia emanaz. Izerditu zuen, asko, txapeltzarra buruan. Baina esker oneko agertu zen.
Gray (Louisiana, AEB, 1925-2020) bluesaren patrimonio biziaren azken kideetakoa zen, musikari historikoa, mitoa. 2017an, esaterako, Blues Hall Of Fame-n bere tokia egin zioten, Memphisen (AEB). Hirurogei urteko bidea egin zuen pianoan, eta Muddy Watersekin, Howlin’ Wolfekin, Billy Boy Arnoldekin edo Rolling Stones taldearekin aritutakoa izan zen.